145 pertsonak izena eman dute Lea Ibilbideko VII. Martxan
Izena eman duten herritar gehienek ibilbide luzea egingo dute; 55ek izena eman dute ume eta gaztetxoak dituzten familietan egiteko egokiena den martxa laburrean.
Lea Ibarreko bost udalerriak batzen dituen martxa zapatuan (urriak 7) burutuko dute.
Ibilbide luzea egitera doazenentzat 08:15ean ipini dute irteera ordua. Mendexako Marierrotatik irten, eta 20,5 kilometroko ibilaldia burutuko dute, Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga eta Aulestitik pasatu, eta Munitibarrera heldu arte. Ibilbidean zehar janari-edariagaz bi hornidura puntu izango dituzte indarberritzeko; Gizaburuagako Errotazar lasaigunean egongo da bata, eta Aulestiko parkean bestea.
Halaber, ibilbide laburra egingo duten herritarrak 10:30ean aterako dira Aulestiko Errekondo parketik. Handik Munitibarko Bengolaraino 7 kilometroko ibilaldia egingo dute.
Urtero moduan, ibilbide bukaeran jan-edanik ez da falta izango. 12:00etatik aurrera, kopaua izango dute Munitibarko Bengolako parkean. Eta horregaz batera, Lea Ibarreko jatetxe batean 100 euroko jatordu baten zozketan parte hartuko dute. 13:00ak aldera zozkatuko dute otordua Bengolan bertan.
Jakitera eman dutenez, antolakuntza ez da kargu egingo gerta litezkeen ezbeharrez.
Orain arte uztailean egin izan da Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak antolatzen duen martxa, baina aurten udan izan beharrean udazkenean egitea erabaki dute.