Auzolanak eta herrigintzak bat egiten dutenean
Lekeitioko Auzolan bidearen 25. urteurrena ospatuz, Lekitto Bedarra, Abaroa eta Atabaka taldeek Auzolan Urteari amaiera eman diote. Herriko talde ezberdinen arteko elkarlana aberasgarria dela diote.Betidanik bultzatu izan du Lekitto Bedarra taldeak auz...
Lekeitioko Auzolan bidearen 25. urteurrena ospatuz, Lekitto Bedarra, Abaroa eta Atabaka taldeek Auzolan Urteari amaiera eman diote. Herriko talde ezberdinen arteko elkarlana aberasgarria dela diote.
Betidanik bultzatu izan du Lekitto Bedarra taldeak auzolana. Eta urteak joan eta urteak etorri, askotariko ekintzak egin izan dituzte elkarlana oinarri hartuta. Aurten, herriko beste bi taldegaz batera, elkarlana eta auzolana oinarri dituzten ekintza bateratuak egin dituzte. Abaroa eta Atabaka dira beste bi talde horiek. Horrela ba, hiru taldeek Auzolan Urtea ospatu dute aurten.Apirilean Usotegi parkean egin zuten lehenengo ekintza bateratua, eta maiatzean bigarrena, Abaroa parkean. Ekainean, ostera, Garraitz irlan antzinako horma bat bistaratu eta garbitu zuten.
Oro har, taldeetako kideek azaldu dutenez, «esperientzia oso positiboa» izan da. «Elkar ezagutzeko aukeraz gain, taldeetako partaide ez direnek ere ekintzetan parte hartu dute». Halaber, ekintza bateratuei esker, herrian hobetu beharrean zeuden hainbat gauza auzolanean konpontzeko bidea zabaldu dutela gaineratu dute.
Auzolan bideko ekintza
Ekintza bateratuekin amaitzeko, joan den asteko zapatuan herrian dagoen Auzolan bidearen 25. urteurrena ospatzeko ekintza egin zuten.
Eguraldia aldeko eduki ez bazuten ere, aurretiaz esan modura ospatu zuten ekintza. «Boluntarioen lana errazteko, Lekitto Bedarreko partaideak dena prestatu genuen goizean goizetik».
Elkarlanean egindako azken ekintza horretan hamabost lagun inguru bildu zirela gehitu dute. «Hasieran Auzolan bidearen garbiketa egin genuen, eta hertzak prestatu genituen gero zementua botatzeko». Zementua, hain zuzen ere, gerora bidearen mantenua hobea izateko bota zuten. «San Antolin zerkara arteko eskumako hertza amaitzea lortu zuten».
Batzuk eginkizun horretan zebiltzan bitartean, beste batzuk bidearen bazterretan batutako belar eta lurra batzen aritu ziren. Guztira 350 kilo lur inguru kendu zituzten.
Ostean, 1992. urtean bidea egin zuenetako batek 25 urte atzeragoko gorabeherak eta orduko auzolan espiritua azaldu zituen. Pasadizoen tartea egin eta gero, Gaizka Lopez txistulariak musika jarri zuen, eta Lekitto Bedarreko bi kidek ohorezko Aurreskua dantzatu zuten.
Jarraian, Ander Plaza historialariak txakolinari buruzko hitzaldia eskaini zuen. «Eguraldi txarra zegoenez, hitzaldia San Andresko tunelpean egin genuen. Oso interesgarria izan zen Plaza entzutea». Azken finean, txakolinaren industriak herrian izan zuen pisu eta presentzia garrantzitsua mahairatu zuen Plazak. «Entzuleek eskatu zioten hitzaldia kultur etxean errepikatu beharko lukeela».
Ekintzagaz amaitzeko, Lekitto Bedarreko kideek prestatutako hamaiketakoa dastatu zuten parte hartzaileek. «Ekintza pozik amaitu genuen, eta hurrengoari heltzeko ere gogotsu gaude!».
Hurrengo hitzorduak
Hiru taldeek elkarlanerako bidera gehitzeko gonbitea luzatu diete herriko gainerako taldeei ere. «Erronka modura, herriko beste hainbat talde dinamika honetara ekartzeko ahaleginak egiteko beharra ikusi dugu».Ordura arte, talde bakoitzak bere ohiko jardunean jarraituko du.
Lekitto Bedarrak, esaterako, zapaturo Usotegi parkean auzolana egiten jarraituko du. Eta asteroko auzolan horretan parte hartzeko gonbitea ere herritar guztiei zabaldu die.
Beste alde batetik, hurrengo hitzordu handia Usotegi Eguna izango dela aurreratu dute taldeko kideek; Lekitto Bedarrekoek urriaren 28an ospatuko dute egun berezi hori.