«Hainbat urtetako lanaren sari moduan hartuko dut proba»
Hawaiirako bidea hartuko du bihar kirolari lekeitiarrak urriaren 14an Kailua Konanen lehiatuko den munduko Ironman proban parte hartzeko. Ilusioz beteta darama maleta.7 urte zituela hasi zen Garraitz Triatloi Taldean Mireia Arrillaga. Etxekoek egiten z...
Hawaiirako bidea hartuko du bihar kirolari lekeitiarrak urriaren 14an Kailua Konanen lehiatuko den munduko Ironman proban parte hartzeko. Ilusioz beteta darama maleta.
7 urte zituela hasi zen Garraitz Triatloi Taldean Mireia Arrillaga. Etxekoek egiten zuten, eta, beraz, familian ikasi zuen triatloia zer den. Triatloirako pausoa ematea, beraz, erraza egin zitzaion. Igeri egiten hasi zen lehenengo, 12 edo 13 urtegaz bizikleta eta korrika gehitu zituen, eta 14 urte zituenetik lehiaketetan parte hartzen ari da, emaitza bikainekin.Hiru diziplina batzen dituen kirola da triatloia, bizikleta, korrika eta igeri. Nola konpontzen zara?
Ordu asko eskatzen dituen kirola da, prestatzeko ordu asko behar dituzu, eta orduak ateratzea da zailena. Iluntzetan, eguerdian edo goizean denbora atera behar da hiru kirol direlako. Zazpi egunetan, ahal bada, zazpi bider edo zortzi bider entrenatzea hobeto. Nik ordu askorik ez daukat, beraz, tarte txiki guztiak aprobetxatzen ditut.
Zenbat probatan parte hartu duzu aurten?
Berton egin ditut gehienak. Laburrak Deba, Gorliz eta Getxon irabazi nituenak, gero Bilboko erdiko distantziko proba egin nuen, eta Lekeitiokoa ere bai.
Kopenhageko (Danimarka) Ironmanean sailkatu zinen Hawaiiko (AEB) probarako.
Kopenhagen ikusi nuen nire bizitzako lehen Ironmana, eta egunen batean nik ere egingo nuela esan nuen. Eta horrela izan da. Ibilbide guztia buruz nekien, nire bikoteak aurretik egina zeukalako, hiru edo lau bider egon da bertan. Ilusio horregaz egin nuen.
Animatu, joan eta sekulako marka lortu zenuen. Espero zenuen horrelakorik?
Inondik inora ere ez, ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Sailkapen orokorrean bederatzigarren egin nuen, eta nire kategorian lehenengoa izan nintzen, espero barik. Gainera, neska guztiak profesionalak ziren, eta bat atzean uztea ere lortu nuen. Egin nuen denbora egiterik ere ez nuen espero. Joan den urtean 10.10 egin nuen, eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan denbora hori hobetzea. 10etik jaisterik imajinatu ere ez nuen egiten, eta leku bat lortzerik ere ez neukan buruan.
Noiz hartu zenuen Hawaiira joateko erabakia?
Joan edo ez erabakitzeko uzten dizuten denbora oso laburra da. 12 ordu dituzu, eta izen ematea ordaindu behar duzu. Ez neukan joaterik pentsatuta, eta bertan momentuan erabakia hartzea oso gaitza izan zen. Ez joatea pentsatu nuen hasieran, baina gero, konbentzitu egin ninduten, bai taldekoek bai eta inguruko jendeak ere. Bizitzan behin dela, eta joan egin behar nintzela esan zidaten.
Horrelako probetara joateko, alde ekonomikoa ere erronka handia izaten da kirolariontzat.
Horregatik laguntzen ari dira Garraitz eta udala. Luis Aretxabaleta Garraitzeko lehendakariak alkateari deitu zion ea zer edo zer antolatu edo laguntasuna eman zezaketen galdetuz, eta denen artean txerriboda eta zesta-punta jaialdia antolatu dituzte. Beharrean ere laguntza handia eman didate, eta ez didate joateko eragozpenik jarri, alderantziz, entrenatzeko denbora eduki dezadan ere laguntzen ari dira.
Hawaiiko proba ezagutzen duzu? Ibili zara begira?
Hawaiikoa triatloi munduan gabiltzanontzako probarik gorena da, batzuentzat olinpiadak izan daitezkeen moduan. Eta, beraz, egun horretan Interneten aurrean egoten gara ikusten zuzenean. Profesionalak ematen dituzten zortzi edo hamar orduak ordenagailu aurrean egiten ditugu urtero. Horrela, gutxi gorabehera ibilbidea badakizu. Gainera, nire bikoteak ere egina dauka, eta kontatu dizkit gauzak.
Bakarrik ala lagunduta joateko asmoa daukazu?
Bikoteagaz joango naiz. Ingelesa ez dut dominatzen, eta gainera, bizikletak desmuntatuta doaz hegazkinean, eta horiek berriz muntatzen lagunduko dit.
Aurretik ere sailkatu omen zinen beste proba garrantzitsu batera joateko, baina ez omen zinen animatu.
Canadako proba ertainera joateko sailkatu nintzen Bartzelonan. Profesionalen atzetik sartu nintzen helmugan, eta plaza atera nuen. Etxera itzuli egin behar nintzen berehala, hurrengo egunean lan egin behar nuelako, eta ez nintzen sarietara ere agertu, ezetz esan nuen, eta kitto. Etxera itzuli nintzenean enteratu ziren sailkatu egin nintzela, eta errieta egin zidaten. Oraingoan, deitu eta komentatu egin nien, eta mugitzen hasi ziren.
Ironmana bezalako proba batean, zer izaten da gogorrena?
Burua tinko eta argi mantentzea. Hala ere, proba aurrekoa da gogorrena, urte guztiko prestaketa. Urte oso bat edo bi urte prestatzen aritzea egiten da gogorrena. Egunero saiatu behar zara, eta planen batek irtetzen badizu entrenatu egin behar duzulako ezin zarela joan sentitzea edo joaten bazara entrenatu ez duzulako sufritzea da gogorrena. Kirol probarako, berriz, prest egoten zara, entrenatu duzu. Amore emateko zalantza sortzen den momentuak ere egoten dira, eta zure buruari hor zertan zauden galdetzen diozu, baina prestatuta zaude, eta badakizu hori dela gustatzen zaizuna, eta aurrera egiten duzu.
Hawaiirako zelan ari zara prestatzen?
Entrenamendua prestatuta daukat, eta egunez egun egin behar dudana betetzen saiatzen naiz, ditudan tarte guztiak aprobetxatuta.
Konpetizioan zabiltzan hamabost urte hauetako zure esperientziarik onena zein izan da?
Momentu asko dira. Taldeka lortzen diren garaipenak, esate baterako, bizi guztirako gelditzen dira, edo asteburu pasa joaten ginenak. Ironmanak ikusten zein egiten joan naizenean ere momentu bereziak bizi izan ditut. Igerian hasteko zauden momentuko isiltasuna edo proba hasteko dagoenean dagoen isiltasuna ere bereziak dira.
Helburu handi hori beteta, atseden hartuko duzu?
Kopenhage azkena izatea zen nire asmoa, hau estra bat izango da. Datorren urtean Ironmanik ez dut egingo, atseden hartuko dut. Iaz Frankfurtekoa (Alemania) egin nuen, aurten Kopenhage, eta orain Hawaii.
Ze helburugaz zoaz Hawaiira?
Amaitzea da helburua. Gorputzak atseden hartu, eta berriz prestatzeko oso denbora gutxi eduki dut, eta, beraz, gozatu eta sari moduan hartuko dut proba hau; hainbat urtean egindako lanaren sari modura.