Giro ederrean egin dute 19. umeen arrantza lehiaketa Ondarroan
300 bat neska-mutilek parte hartu dute Arrigorri itsas-arrantza elkarteak antolatutako 19. arrantza lehiaketan. Marea gorantz zetorrela baliatuta, Ondarroako zein inguruko herrietako hainbat umek hartu dituzte Artibai ibaiaren alboak eta portuko txoko gehienak.
Lehiaketan parte hartu duten gaztetxoekin batera beste hainbeste guraso eta senide egon dira beraiekin, eta horrek giro aparta egotea ekarri du. 14:00ak ingururako batu dira Musika Plazan, eta handik txistularien kalejiragaz abitu dira bakoitza bere arrantza lekura.
17:30etan bota dute lehiaketari amaiera ematen zion txapligua, eta orduan frontoira itzuli dira parte hartzaile guztiak, arrantzua zenbatu eta pisatzera. Bertan egon dira Herri eta Bixi pailazoak ere, giroa berotzen.
Sariak. Aurtengo lehiakideetatik arrain pisutsuena Olatz Guenagak arrantzatu du; 300 gr.-ko arraina harrapatu du 11 urteko gazteak. Sailkapen nagusia berriz horrela geratu da: Ainar Muñoz izan da lehen sailkatua 8 eta 14 urte bitartekoen artean, 56 arrain arrantzatu ditu. Oihane Arregi izan da bigarren sailkatua, 55 arrain harrapatuta eta Alain Garcia hirugarrena, 53 arrainekin. 4 eta 8 urte bitarteko umeen artean, aldiz, Xuban Nievesek harrapatu ditu arrain gehien, 54 arrain; Nikole Urruzuno izan da bigarren sailkatua 40 arrainekin eta Iraun Beroiz hirugarrena, 38 arrainekin.
Antolatzaileak pozik geratu dira lehiaketarekin eta gazteenak igaro duten arratsaldearekin. Gainera, herriko hainbat elkarte, enpresa eta eragileri esker, beste hainbat opari ere zozketatu dituzte parte hartzaileen artean. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete.