Atzo [urriak 8] Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatu zen bosgarren final laurdena irabazi zuen Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak. Zumaiako saioa irabazita,
azaroaren 4an Maule-Lextarren jokatuko den finalaurrekoetan egongo da. Beñat Gaztelumendi izango du bertsokide, oraindik zehazteko dauden beste lau parte hartzailegaz batera.
Nerea Ibarzabal. Argazkia: Gari Garaialde / Bostok Photo / Bertsozale Elkartea
Aitzuri pilotalekuan jokatu zen atzo [urriak8] Bertsolari Txapelketa Nagusiko bosgarren final laurdena. Marta Ugartek aurkeztu zuen saioa eta Nerea Ibarzabalez gain, beste bost bertsolari igo ziren oholtza gainera: Ibon Ajuriagojeaskoa, Arkaitz Oiartzabal
Xamoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Asier Otamendi.
Binaka aritu ziren lehenengo zortziko handian eta txikian; puntu-erantzunetan gero; binaka berriro ere hamarreko txikian; eta, azkenik, kartzelako lanarekin biribildu zuten eginbeharrekoa. Ibarzabalek
698,5 puntu lortu zituen, 661,5 eskuratu zituzten Nahikari Gabilondok eta Miren Artetxek, 627,5 Arkaitz Oiartzabal
Xamoak, 617,5 Asier Otamendik eta 616 Ibon Ajuriagojeaskoak.
Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea aritu ziren epaile lanetan, eta Ane Errazkinek eta Joxe Mari Altunak egin zituzten idazkari lanak.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko 5. final laurdenetako saioa Zumaian. Argazkia: Gari Garaialde / Bostok Photo / Bertsozale Elkartea
Zapatuan [urriak 14] jokatuko da Tolosako Beotibar pilotalekuan azken final laurdena.
36 bertsolari ibili dira lehian, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak. Finalaurrekoetan, berriz, 24 bertsolari lehiatuko dira: izena eman duten 2013ko sei finalista eta final laurdenetako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolari. Bi itzuli gainditu beharko dituzte finalean egoteko.