Emozioak lantzeari buruzko tailerra emango dute Mendexan
Mendexako Udalak, Berdintasun Batzordeak eta Goialde Elkarteak antolatutako tailerra 17:00etatik 19:00etara emango dute bihar [urriak 11], udaletxean, Emozioak lantzen klowna bidelagun izenburupean.
Azaldu dutenez, Berdintasun Batzordeak eta nagusien Goialde Elkarteak urtero elkarlanean ekintzaren bat antolatzen du, azken urteetan, batik bat ahalduntzea bultzatzeko asmoz. Oraingo honetan emozioak lantzea da helburu nagusia, eta besteren artean klowna izango da horretarako erreminta: “Emozioak barruan gordetzen ditugu askotan, eta ez dakigu horiek kanporatzen”.
Gehilan2000 enpresako Nerea Ariznabarretak gidatuko du biharko saioa, eta azaldu duenez, hitzaldi-tailerra izango da. Hain zuzen, klowna zertan datzan azalduko du, eta zenbait ariketa egingo dituzte taldeka. “Klown mundua oso zabala da. Egin behar dugunaren eta nahi edo desio dugunaren artean mugitzen da. Klownak badauka parte errebelde bat, eta beste parte kontserbadore bat”, azaldu du Ariznabarretak.
Hala, gardena izateaz mintzatuko dira; egunerokotasunean “gordetzen” diren emozioak, bulkadak edota sentimenduak kanpora ateratzeaz. Era berean, begiradek komunikatzen dutenaz ere berba egingo dute: “Klownak nahiz eta hitz egin begiradekin gauza asko komunikatzen ditu. Publikoari begiratzean, desioak, beldurrak, desilusioak… askotariko emozioak, konfidentziak helarazten dizkio, eta publikoak errespetuz hartzen du isiltasun eta gardentasun hori”.