Asteburu osorako aukera dakar 35. Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiak
35. URRIKO AZOKA NAGUSIKO EGITARAUA
Zelaiaren bueltan aurkituko dituzte azokazaleek bertoko produktuez betetako postuak. Guztira 64 postu izango dituzte produktuak ikusi, dastatu eta erosteko. Bost gaztagile, zortzi ortugile eta frutagile, lau okin, lau gozogile, hiru txakolin ekoizle, ahate produktuen ekoizle bi, eztigile bi, txerrikien ekoizle bi, sagardogile bi, irasagar eta barazki kontserba ekoizle bi, loreen mintegi bi, eta olio ekoizle, gilda ekoizle, arrain kontserba ekoizle, baserriko hamburgesen ekoizle eta baserriko okela paketeetan prestatzen duen ekoizle bana egongo dira. Horrez gain, hogei artisauk, bost baserri tresna saltzailek eta hiru elkartek ere hartuko dute parte azokan. Azken horien artean Plazakolako Gorabide, Izarbidean elkartea eta Zabaltzen Sartu elkartea daude. Txakoli eta gazta kata. Behin erosketak eginda, erosketez arduratu barik azokagaz gozatzen jarraitzeko, dohaneko gordailu zerbitzua eskainiko dute aurten ere, Markina-Xemeinen. Horrez gain, azokan erosten duten erosleen artean, azokako produktuekin osatutako otzara bat zotz egingo dute. Animazio eta erakustaldirik ere ez da faltako. Alde batetik, egur eskulturak egingo dituen aditu bat egongo da Goiko Portalean, eta motozerren lehiaketa bat ere egingo dute egurrak ebakitzen. Bestalde, osasun ohiturak eta elikagaiak landuko dituzten umeentzako tailer bi egongo dira azoka inguruan: elikagai piramidea landuko dute txikienek eta menu osasungarri bat osatu eta ekoizleengana hurreratuko dira nagusiagoak. Tarineren Trikipand taldearen kalejira eta bertsolarien saioa ere egongo dira eguerdian; udaletxeko balkoitik kantatuko dute Andoni EgaƱa eta Iratxe Ibarra bertsolariek.35. URRIKO AZOKA NAGUSIKO EGITARAUA
Ekimen berriak. Eskualdeko gastronomia, kultura eta ondarea ezagutzera emateko ekimen berriak prestatu ditu, bestalde, Leartibai Garapen Agentziak Urriko Azokari begira. Horrela, azoka egunean bertan txakoli eta idiazabal gaztaren dastaketa egiteko aukera egongo da Arkupean, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Bi aukera egongo dira horretarako: 12:30ean edo 13:30ean. Horrez gain, domekan [urriak 15], Markina-Xemeinen zehar bisita gidatua eta Axpe Sagardotegian sagardo dastaketa egongo dira bai eta Show Cooking-a ere. Lea-Artibai eta Uribe eskualdeetako turismo informazioa eta enpresen eskaintza egongo da ikusgai Zelaian, azoka egunean, eta bi eskualdeetako produktuekin sukaldatu eta prestatutakoa dastatzeko ekimen berezia egingo da domekan, Uhagonen. Ekintza horiek guztiak dohakoak direla zehaztu dute antolatzaileek, baina lekua mugatuta dagoenez, parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, Leartibai Garapen Agentziara deituta edo loturen bidez.