Euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu udalak
2016-2017 ikasturtean euskalduntze ikastaroetara joan diren Markina-Xemeingo bizilagunak diruz lagunduko ditu udalak. Adierazi dutenez, Markina-Xemeingo Udalak oso garrantzitsua deritzo helduen euskalduntzean eta alfabetatzean eragitea, eta hori dela e...
Diru laguntza horren onuradun izango dira Markina-Xemeinen erroldatuta egon eta euskara ikastaroak HABEk homologatutako edozein euskaltegitan egin dituztenak edo egiten ari direnak.
Onuradun izateko, hala eta guztiz ere, baldintza batzuk bete behar dira: ikastaro osoko bertaratzea %80 edo altuagoa izatea, ikasturte edo ikastaroan baja ez ematea eta aprobetxamendua islatzen duen egiaztagiria dagokion ikaslekuko arduradunak sinatzea.
Urriaren 13ra arte
Egindako ikasmailaren eta urteko diru sarreren araberako diru laguntzak emango dituztela jakitera eman du udalak. Hala, lehen maila egiten dutenek %100 eta %80ko diru laguntza izan dezakete, bigarren maila egiten dutenek %80, %60 edo %40koa; hirugarren maila egiten dutenek %60, %40 edo %20ko laguntza izango dute, eta laugarren maila egiten dutenek %40, %20 eta %10ekoa. Laguntzak, gainera, beste erakunde publiko edo pribatuek xede bererako eman ditzaketen bestelako diru laguntzekin bateragarriak izango dira.
Eskariak Udaleko Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira, udalak horretarako jarriko dituen eskari orrietan. Eskariak egiteko epea zabalik dago urriaren 13ra arte.
Baldintza guztiak eta eskaera orria Markina-Xemeingo Udalaren webgunean daude eskura.