Kirolak naturaz gozatzea ahalbidetzen duenean
Busturiko Madariaga Dorretxean 10:00etan sirena hotsa entzun, mapak eta iparrorratzak hartu eta arineketan atera ziren zapatuan UrdaiRaid probako parte hartzaileak; guztira, 80 bikote baino gehiago.Parte hartzaileak gogotsu eta irribarretsu zeuden zapa...
Busturiko Madariaga Dorretxean 10:00etan sirena hotsa entzun, mapak eta iparrorratzak hartu eta arineketan atera ziren zapatuan UrdaiRaid probako parte hartzaileak; guztira, 80 bikote baino gehiago.
Parte hartzaileak gogotsu eta irribarretsu zeuden zapatuan proba hasi aurretik, eta batzuei urduritasuna igartzen zitzaien. Iritsi zen ordua. 10:00etako sirena hotsagaz hasi zuten esperientzia berria, eta arratsaldea bitartean, «oso gustura eta oso pozik» aritu ziren.Abentura Raiden Iparraldeko Liga antolatzen duen NonStop Aventura taldeko kideek zein probako parte hartzaileek balorazio positiboa egin dute. Halaber, partaidetza «handia» izan zela, eta aipatu ligako ohiko parte hartzaileekin batera talde berri asko egon zirela zehaztu dute antolatzaileek. Halaber, parte hartzaileen artean inguruko jende nahikoa egon zela azpimarratu dute.«Partaidetza bikaina izan zen. Jendeak pozik amaitu zuen, eta prestatutako ibilbidea gustatu zitzaien».
Izena emandako 84 taldeetatik 82 taldek lehiatu zuten UrdaiRaida, eta azken horietatik hiru talde erretiratu egin ziren. Antolatzaileen berbetan, gehienen helburua esperientzia bizitzea izaten da, ingurumenagaz harremanean egun pasa polita egitea. «Kirol oso interesgarria da. Ligan parte hartzen duten betiko taldeak markarik onena egiten saiatzen dira, baina talde gehienek ez diote sailkapenari erreparatzen; abentura bizitzera etortzen dira».
Hainbat diziplina batzen dituzte abentura raidek. Zapatuan, esaterako, rappel egin zuten Atxarren, eta Kayaketan joan ziren San Antonio hondartzatik Laidara. Probaren beste zati batzuk korrika eta mendi bizikletetan egin zituzten.
NonStop Aventurakoen arabera, normalean parte hartzaile denak ez dira ibilbideko kontrol puntu guztietatik igarotzen. «Bakoitzak ahal duena egiten du, eta puntu gehien lortzen dituenak irabazten du». Hala, UrdaiRaidari dagokionez, hiru kategorietatik (bikote mistoak, emakumezko bikoteak eta gizonezko bikoteak) mutilen hiruzpalau bikotek burutu zuten ibilbide osoa, eta bikote mistoko talde bakarrak.
Aralar Kirolak-Euskal Raid taldea izan zen azkarrena; 6 ordu, 27 minutu eta 30 segundotan amaitu zuen UrdaiRaida, eta 69 puntu eskuratu zituen.