2017-2018 denboraldiko entrenamenduak hasi ditu Isuntza Arraun Elkarteak, eta azaldu dutenez, adin ezberdinetako neska-mutil gazteak hurbildu dira entrenamenduetara. “Gazte asko berriak dira, beste hainbat aurreko urtean hasitakoak eta arraun elkartean urte asko daramatenak ere jarraitu dute”. Arraun elkartean parte hartzeko aukera zabalik dagoela azpimarratu dute hala ere. “Arraun egin edo arrauna probatu nahi duenak arraun elkartera hurbildu besterik ez du egin behar”.
Isuntza Arraun Elkarteko arraunlari, entrenatzaile, zuzendaritza batzordeko kide eta lehendakaria udaletxeko eskaileratan. Eurekin egotera deitu dute elkartearen sortzaileetako bat izan zen Julian Arrate.
Entrenamenduei dagokionez, alebin, txiki, kadete eta gazte mailetako mutilek astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan entrenatzen dute, 17:00etatik 18:30era; alebin, txiki eta kadete mailetako neskek, aldiz, martitzenetan eta eguenetan dituzte entrenamenduak, 17:00etatik 18:30era.
Harrobia sendo eta osasuntsu dagoela ere azpimarratu dute zuzendaritza batzordeko kideek. “Guretzat ardura eta lana bada ere, oso pozik eta ilusioz beteta gaude gazte mailetan dagoen arraunlariekin”.