Bermistorianek Erdi Aroko giroa ekarriko du urriaren 21 eta 22an
Bermistorianegaz lotuta, domekan, Sollube 707 mendizale taldeak irteera antolatu du 1236. urteko Bermeoko mugak erakusteko; 09:00etan jarri dute orduaUrrian bermeotarrek daukaten hitzordua iristekotan da. Urriaren 21ean eta 22an izango da XIV. Bermisto...
Bermistorianegaz lotuta, domekan, Sollube 707 mendizale taldeak irteera antolatu du 1236. urteko Bermeoko mugak erakusteko; 09:00etan jarri dute ordua
Urrian bermeotarrek daukaten hitzordua iristekotan da. Urriaren 21ean eta 22an izango da XIV. Bermistorian. Hala, bi egun horietan erdi aroko garaietara bueltatuko da Bermeoko Alde Zaharra.Erdi Aroan girotutako azokan, hainbat produktu dastatu eta erosi ahalko dituzte herritarrek zein bisitariek; gazta, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, loreak, xaboia, kremak… 50 salmahai inguru egongo direla jakinarazi dute.
Azoka 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik zapatuan, eta 10:00etatik 15:00etara, berriz, domekan.
Bermeoko Alde Zaharra Erdi Aroan murgiltzen laguntzen du urtero kale animazioak, eta aurten ere, ez du hutsik egingo. Zapatuan, 12:00etan, 13:00etan, 17:30ean eta 19:00etan egongo da kale animazioa ikusteko aukera. 21:00etan ere kale animazioa egongo da, baina ordu horretakoa «ikuskizun berezia» izango dela azaldu dute. Domekan, honako ordutegia izango du kale animazioak: 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan.
Tailerrak, kalejira…
Azokaren inguruan, gainera, arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, zeramika tailerrak eta Izaro Abesbatzaren kalejira izango dira. Eta, hirugarren urtez, Lodosako nekazariek piperrak erretzeko prozedura erakutsiko dute azokan bertan.
Umeentzako lekua ere edukiko du Bermistorianek. Iaz egon ez baziren ere, aurten, berriro oholezko jokoekin jolasteko aukera edukiko dute azokaren ordutegi berean.
Bestalde, Bermistorian egiten den bitartean, Alde Zaharrean ibilgailuagaz ahalik-eta gutxien ibiltzeko eskaera egin du kultura zinegotzi Aingeru Astuik. Era berean, Bermistorian antolatzen lagundu duten guztiak eskertu ditu. Hala, bermeotarrei zein kanpotik datozenei Bermistorianeko ekintzetan parte hartzeko deia egin die, «mota askotako jarduerekin ondo pasatzeko aukera egongo baita».
Datorren domekan, hala ere, Bermistorianegaz lotuta, Sollube 707 mendizale taldeak mendi irteera antolatu du. Irteera horretan 1236. urteko Bermeoko mugak erakutsi gura ditu mendizale taldeak. Irteeran parte hartu gura dutenek 09:00etan egon beharko dute Artike enparantzan.
Urriaren 19an, berriz, Arrantzaleen Museoak Aitor Miñambresen hitzaldia hartuko du: El ejercito de Euzkadi y la ofensiva de Mola. La Guerra Civil en Bermeo. 19:00etan izango da.