Haurren jolastokietako zoruak berrituko dituzte
Bermeoko haurren jolastoki batzuetako zoruak berritu egingo dituztela azaldu du Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak. Horrez gain, hondatuta dauden zabuak konponduko dituztela jakinarazi du.Lan horiek guztiak egiteko aurrekontua ...
Lan horiek guztiak egiteko aurrekontua 51.000 eurokoa dela esan du, eta astelehenean hasiko dira berritze lanekin.
Zorua berritzeko edota konpontzeko beharrak honako jolaslekuetan egingo dituzte: Lameran, Elkano tar Juan Sebastianen, Haurreskolan, Itsasoen Galdutakoen Lameran (Pergola), Talan, Artike enparantzan eta Adubidxen.
Lamerako haurren jolastokian hasiko dira, hain zuzen ere, berritze lanak egiten. Gune horretako jolastokietan, zoru guztia kendu eta berriak jarriko dituztela azaldu du Ibarrolazak.
Gainontzeko haurren jolastokietako zoruetan, berriz, konponketa lanak baino ez dituzte egingo.
Astebete, bi fasetan
Lameran, bi fasetan egingo dituzte lanak. Lehenik eta behin, txikitxoen aldeko haurren jolaslekuko zorua aldatuko dute, eta, ondoren, gaztetxoena.
Bi kasuetan, lanak astebetean prest egotea aurreikusi dute. Lanek iraun bitartean jolasguneak ezingo direla erabili esan du zerbitzuetako zinegotziak: «Badakigu lanek eragozpenak sortuko dituztela, baina kontuan hartu behar da lan hauek beharrezkoak direla berritze lanak egiteko». Hortaz, aldez aurretik, herritarren pazientzia eskatu dute. Datorren astean, horrenbestez, ezingo da erabili Lamerako txikitxoen gunea.
Ibarrolazak azaldu duenez, haurren jolastokietako zoruak berritzeko, material birziklatua erabiliko dute, kapsulatua, hain zuzen ere. Orain arteko zoruaren antzekoa bada ere, kolorea ez dela hain argia izango zehaztu du Ibarrolazak.
Haren esanetan, «garrantzitsua da material birziklatuak erabiltzea guztion artean ingurua zaintzeko».