Hegaluze kanpaina itxiko dute gaur, ezarritako kuota bete dutelako
Kantauri itsasoko ontziek bete dute dagoeneko ezarritako 14.196.452 tonako kuota. Kexu dira ontzi pelagikoek edukitako jarreraz. Orain sardinatan hasiko diraEzarritako kuota bete egin dutela eta, itxi egingo dute gaur aurtengo hegaluzearen kanpaina. Ez...
Kantauri itsasoko ontziek bete dute dagoeneko ezarritako 14.196.452 tonako kuota. Kexu dira ontzi pelagikoek edukitako jarreraz. Orain sardinatan hasiko dira
Ezarritako kuota bete egin dutela eta, itxi egingo dute gaur aurtengo hegaluzearen kanpaina. Ezarritako 14 milioi kiloko muga gainditu dute ontziek«Nahikoa pozik» daude arrantzaleak, kanpaina ondo joan dela iritzita. Kofradietan egindako prezioa ere «polita» izan dela adierazi dute, eta arrantzua ere ondo joan denez, kanpaina ondo joan dela diote.
Ekainean eta uztailean ikusi zen arrantzaleen ustez kanpaina ona izan zitekeela, hegaluze asko eta kostaldetik hurbil zegoelako. Horrek denbora aurreztea eta kostuak murriztea ahalbidetu zien ontzien jabeei, arinago arrantzatu eta arinago porturatzen zutelako hegaluzea. Abuztua eta iraila ere «positiboak» izan direla aitortu dute Ondarroako zenbait arrantzalek.
Joan den astean, Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak bihartik aurrera hegaluze kanpaina amaitutzat emango zuela ohartarazi zuen. Horrek esan nahi du ontziek bakarrik kanpaina amaitu baino lehen ontzian dauzkaten piezak lehorreratu ditzaketela. Arrantzaren Antolakuntzarako Zuzendaritza Nagusiaren kalkuluen arabera, biharko beteko da kuotaren %100, hau da, 14.196.452 kilo. Iragan astean zenbatutako ehunekoa 90,73an ezarri zuten.
Hegaluzearen kanpaina urriko azken astera arte luzatu izan da normalean, baina, aurten, urriko lehen hamabostaldirako amaitu behar izatea ondo joan izanaren seinalea da.
Baina euskal arrantzaleek gogoan daukate iaz, esate baterako, urriaren 5ean itxi zuela hegaluzearen kanpaina Espainiako Gobernuak, Kantauriko itsasontziei zegokien kuota osoaren 1.200 tona Frantziari saldu zizkiolako.
Hegaluze kiloak 4 euroko bataz bestekoa egin du Kantauri itsasoko portuetan, gutxi gorabehera. Horri hegaluzea gertuago zegoelako erregaitan aurreztutako dirua eta kontserba lantegiek hegaluzea erosteko erakutsi duten interesa gehituz gero, ekonomikoki aspaldiko kanpainarik onena izan dela aitortu dute zenbait arrantzalek.
Pelagikoak
Arrantzua ondo joan den arren, ontzi pelagiko irlandar eta frantziarrek kezka handia sortu dute euskal portuetan. Eusko Jaurlaritzak debekatu egin zien duela bi aste ontzi irlandar horiei arrantzua euskal portuetan lehorreratzea, herrialde horretako kuotaren kontsumoa zein portzentaietan zegoen zehatz jakin arte, baina aste honetan, esaterako, Ondarroako portuan lehorreratu egin dituzte hegaluzeak ontzi horiek, moilara hurbildutako herritarren kexen aurrean.
Euskal arrantzaleek irlandarrei egozten diete hegaluzea harrapatzera doazenean euren ibilbideak jarraitzen dituztela itsasoan, eta hara iritsitakoan euren sare handiekin inguruan dagoen guztia arrantzatu eta bien bitartean hondatu egiten dutela. Gainera, arrantzu horiek sarritan kostaldetik 12 milia baino hurbilago daudenean egiten dituzte, hau da, estatu espainiarreko uretan. Arrantzaleak kexu ziren atzo Ondarroako portuan: «Ezin daiteke irlandarrei arrantzatzen utzi eta gure kuota amaituta dagoela esan, beraiena gurea baino askoz txikiagoa denean».
Sardinatara
Hegaluzearen kanpaina itxita, orain sardina arrantzatzera abiatuko dira euskal arrantzaleak. Espainiako Gobernuak irailaren 25ean zabaldu zuen berriz ere sardina arrantzatzeko aukera. Hamar egun lehenago itxi egin zuen, abuztu eta iraileko sardina kuota beteta zegoela iritzita.
Aurreikuspenen arabera, kanpaina berriz ere urriaren 1ean zabaldu behar zuen Espainiako Gobernuak, baina arrantzaleek data aurreratzea eskatu zuten, prezioek zeukaten bilakaera ona aprobetxatzeko. Horren aurrean, sardina kuota murriztea adostu zuten, eta, beraz, astero ontzi bakoitzak sardina tona bat arrantzatu ahalko du kanpaina itxi bitartean. Ondarroan sardina porturatzen hasita daude dagoeneko.