Udalerria herrialde ezberdinetako jatorria duten pertsonek osatzen dutela-eta, eta aberastasun horri fruitua atera asmoz, elkarbizitzarako egitasmo parte hartzailea jarri zuen martxan Lekeitioko udalak 2015eko urrian. Egitasmo horretatik lekeitiarrek eta atzerritarrek osatutako lan talde bat sortu zen:
Elkarbizitza Lan Taldea. Lan talde hori eta bere jarduna ezagutzera eman dituzte gaur [urriak 18] taldekideek, Barandiaran aretoan egin duten ekitaldian.
Lan taldea
hileko azken eguenetan batzen dela azaldu du Amaia Antxustegi Ziarda Lekeitioko Udaleko Gizarte Ongizate, Emakumea eta Berdintasuna zinegotzi eta Elkarbizitza Lan Taldeko kideak. “Lekeitioko herria osatzen dugun bizilagunon artean jatorri aniztasuna dago, eta elkarbizitza hori hobeagoa izateko eta elkar ezagutzeko egitasmo hau daukagu martxan”.
Elkarbizitza Lan Taldeko kideak.
Bizilagun. Urte hauetan, ekintza ezerdinak antolatu dituzte; besteak beste etorkinei buruz dauden aurreiritziekin apurtzen zituzten esketxak eman zituzten herriko zineman, herrira datozen atzerritarrei zuzendutako informazio triptikoak atera dituzte bost hizkuntzatan, eta joan den urtean
Bizilagun programa ere eduki zuten martxan.
“Ekimenak oso elkargune berezia osatzen du atzerritarren eta bertokoen arteko ezagutza sustatzeko”
Aurten ere programa horregaz jarraituko dutela jakitera eman du Amaia Antxustegik. Azaldu duenez, programaren helburua bi famili, bata bertokoa eta bestea kanpokoa, jatordu baten inguruan batzea da, bataren etxean edo bestearen etxean,
esperientziak partekatu eta elkar ezagutzeko. “Ekimenak oso elkargune berezia osatzen du atzerritarren eta bertokoen arteko ezagutza sustatzeko eta haien arteko bizikidetza baldintzatzen duten aurreiritziak gainditzeko”.
Hori dela eta, aurten, ekimena ez dute egun bakarrera mugatuko. “Azaroko edozein domeketara zabalduko da, eta dinamizatzaile batek lagunduko ditu familiak, harremana errazteko. Bizilagun ekimenak harreman berriak egiten lagundu dezake, lagunak egiten bertakoen eta Lekeition bizitoki berri bat topatu dutenen artean”.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek
urriaren 31 arte izango dute izena emateko aukera. Horretarako
agutzane-ongintza@lekeitio.eus helbidera idatzi edo Lekeitioko Udaleko bulego orokorretara jo dezakete.
Gustura. Lekeitioko herritarrengandik izan duten
harrera ona eskertu dute Elkarbizitza Lan Taldeko partaide batzuek. Herrialde ezberdinetako jendea ezagutu eta lekeitiarrekin konplizitate gehiago izateko daudela taldean esan dute. “Oso pozik nago talde honetan, hainbat gauza ezagutu eta partekatu ditut taldekideekin”.
Etxean bezala sentitzen direla ere esan dute, jendea oso jatorra dela azpimarratuz. “Talde honetan jatorri aniztasuna dago, baina bai eta herritarrak, osakidetza eta herriko eragile ezberdinak ere: eskola, ikastola…Hori ere garrantzitsua da proiektu hau aurrera ateratzeko”, zehaztu du Gizarte Ongizate, Emakumea eta Berdintasuna zinegotziak.
Amaitzeko, taldea
zabalik dagoela nabarmendu du. “18:30ean batzen gara hileko azken eguenetan, eta ekimenak antolatzeagaz gain harrera eta informazio puntu bat ere bada”.