Irrifartsua, energiaz betea, ideiak argi daukan gaztea eta ondarrutarra. Egiten duen guztia ilusioz egiten du. Gaur egun irratian eta telebistan agertzen bada ere, pasio bakarra dauka: antzerkia. Izan ere, kazetaria izateaz gain zerbait bada horixe da, aktorea. Antzerkiak barrua husten eta betetzen laguntzen diola dio. Eta eguenean [urriak 19]
Obabakoak obra estreinatuko du Bilboko Arriaga antzokian. Hori guztia eta gehiago da Ainhoa Etxebarria Gomez (Ondarroa, 1993).
Estreinaldiaren atarian zelan sentitzen zara?
Gauzak diren moduan: guztiok flan bat modura gaude. Guretzat ere ardura handia da Obabakoak bezalako lan bat antzerkira egokitzea.
Obabakoak mundu guztiak ezagutzen duen liburu bat da. Askotan, gainera, eskolan ere derrigorrezko irakurketa ere bada. Gazte askok irakurtzen duten liburua da, baina gazte zarenean adimena oraindik ez daukazu liburu hori ulertzeko hain ondo garatuta. Niri ere hori pasatu zitzaidan. Irakurri nuen, baina ez nuen barneratu. Orain irakurri dudanean, beste gauza bat izan da. Esteban Werfellen istorioa hartu eta haren pertsonaiari jarraikortasuna eman diogu guk egin dugun egokitzapean. Ipuin perfektua bilatzen ari den idazle baten istorioa kontatuko dugu. Guk bere buruan dauden pertsonaiak antzezten ditugu.
Urduri diozu publikoaren erreakzioarengatik?
Alde batetik bai. Azken finean, aurretik liburua badago eta ondoren antzezlana, horrek nolabaiteko ikara ematen dizu. Zer pentsatuko duten, gustatuko zaien edo ez… Kasu honetan, liburua hain da garrantzitsua, ez dakizula publikoak nola hartuko duen obraren egokitzapena. Bestetik, kritikak daude. Calixto Bieito zuzendaria nahikoa polemikoa ere bada.
Nola aurkeztuko zenuke Obabakoak?
Oso obra ona da. Ni gustura nago. Publikoarengandik oso gertu egongo gara. Antzeztu, abestu, dantzatu… egingo dugu. Aktoreak denbora guztian agertokian egongo gara.
Obabakoak obrak fantasiazko mundura eramango du publikoa, eta ikusleak barruan daukan umeagaz konektatu ahalko du. Gure bizimoduak aurrera egitera bultzatzen gaitu. Aurrean daukaguna ikusten dugu, eta ahaztu egiten gara gure mundu imajinario horregaz. Obra honek sentiarazten eta norbere buruagaz topatzen laguntzen du.
Abesten eta dantzan ere ondo konpondu zara?
Irakasle profesionalak eduki ditugu horretarako. Nik dutxan oso ondo abesten dut, baina agertokia beste kontu bat da. Niri pauta batzuk ematen badizkidate, orduan abestu ahal dut. Ni bakarrik banago galdu egiten naiz, baina laguntzen didan norbait badaukat ahal dut.
Entseguak nola joan dira?
Bieitok aurkezpenean esan zuen oraindik entseguekin ez genuela amaitu–elkarrizketa hau egin denean oraindik entsegatzen zeuden–. Guk ere joan den asteko eguenean zapaldu genuen Arriagako agertokia, orain arte Otxarkoagako Harrobian egon gara entsegatzen eta.
Uste nuen Arriagan bertan entsegatuko zenutela.
Ez, ez. Gu ere Arriagara helduberriak gara.
Eta espazioak antzerakoak dira?
Berez, espazioak antzerakoak dira. Baina Arriagara heldu ginenean konturatu ginen agertokia handiago utzi dutela. Hara egokitu egin behar izan gara.
Beno, behintzat, Bieito zintzoa izan zen aurkezpenean.
Ba bai. Estreinaldirako egun batzuk falta direnean, ze zuzendarik esaten dizu oraindik entseguekin ez duela amaitu? Bieito lan askotan sartuta dabilen ospe handiko zuzendaria da. Baina oso pertsona umila da. Lana errazten dizu.
Arriagak dio «pasioz eta indarrez antzezten duen aktorea» zarela. Zer deritzozu?
Jo, ba zer esango dizut nik: Ai ama! Bieito beti dabil niregaz txantxetan. Nesken artean ni naiz gazteena, eta mutiletan Eneko Sagardoi. Mikroak eta erabiliko baditugu ere, ni askotan mikro barik ariko naiz. Bieitok dio nire ahotsaren indarra gustatzen zaiola.
Presio handiagoa sentitzen duzu?
Pixkat bai. Ni saiatuko naiz ahal dudan ondoen egiten. Ez diot beldurrik kritikari. Ni hasiberria naizenez, kritikak ere leunagoak izaten dira.
Kritikek asko eragiten dizute?
Egia esan, niri ez dit eragingo. Obra bera ikusgarria da. Kritikak subjektiboak dira. Zuzendaria zein den jakinda, batzuk zuzenean joango dira bere lana ez zaiela gustatzen esatera. Aurretiazko ideia horregaz joango dira.
“Agertokira irten aurretik seria jartzen naiz. Isilik eta nire buruagaz bakarrik geratzen naiz”
Ikusmina erabatekoa da. Horrek ere eragingo dizue ba?
Normalean Arriagako ekoizpenek ez dute horrenbesteko dimentsioa hartzen. La viuda alegre obragaz egin zuten, baina ez da ohikoena izaten. Ekoizpenak sekulakoak izaten dira, baina birak ez dira normalak izaten. Arriagan antzeztu eta gero, Bartzelonara joango gara, eta ostean litekeena da Europa mailako bira bat egitea. Ikusmina ulertzen dut.
Agertokira atera aurretik ohituraren bat daukazu?
Ni oso seria naiz.
Ez nuke esango.
Ba bai. Agertokira irten aurretik horrelakoa naiz. Isilik eta nire buruagaz bakarrik geratzen naiz. Beroketak egin eta abar. Ostera antzean, ez daukat aparteko erritualik.
Antzerkiaz gain, irratian eta telebistan ere bazabiltza. Nola daramazu agenda?
Egia esan, zortekoa naiz irratian erraztasunak ematen dizkidatelako. Hasieratik azaldu nien nire lehentasuna antzerkia zela. Eta hori errespetatu egiten didate. Batzutan estresantea ere bada.
Conquis-eko debateetan hasi zinen telebistan. Eta orain Gure Kasa saio berrian aurkezle legez zaude. Modan zaude.
Nik batzutan esaten dut jendeak mania hartuko didala.
“Antzerkiak pertsonaia ezberdinetan sartu eta ateratzen laguntzen dit. Ariketa horrek jendea ulertzen laguntzen dit”
Beno, lanik ez faltatzea ona da. Baina garrantzitsua da zu zeu ondo sentitzea.
Momentuz ni ondo eta gustura nago. Bai irratian eta baita telebistan ere nik argi lagatzen diet zer daukadan eta zer ez. Haiek erraztasunak ematen dizkidate.
Zer ematen dizu antzerkiak?
Sentitzen laguntzen dit. Nire bizimodua nahikoa kaotikoa da. Irratia ere bada antzerkia, baina antzerkiak pertsonaia ezberdinetan sartu eta ateratzen laguntzen dit. Ariketa horrek jendea ulertzen laguntzen dit. Publikoarengana heltzen zarenean eta publikoak hori jakinarazten dizunean, hori sekulako altxorra da.