Bentalekua erre eta gero, eraikinarekin gertatu ahal zenaz kezkatuta, Kofradia Zaharraren Lagunak taldea sortu zuten Mutrikun. Argi daukate eraikinak zer izan beharko lukeen.
Kofradia Zaharraren Lagunak taldeak deituta, bilera zabala egin zenuten duela hilabete batzuk. Zer erabaki zenuten?
Gure helburua da Kofradia Zaharraren eraikina berreskuratzea eta horretan itsas ondare natural bat sortzea. Ikusirik Mutrikun laster ez dela arrantzarik egongo, nahi duguna da etorriko diren belaunaldi berriei erakustea arrantzaleak egon zirela Mutrikun. Hau da, Mutrikuren ondarea jasoko duen leku bat edukitzea nahi dugu.
Zein da eraikin horren historia?
Gaur egun Kofradia Zaharra bezala ezagutzen dena 1924. urtean inauguratu zuten. 1982ra arte arrain salmenta eta abar egiten ziren bertan. Horrez gain, eraikin horretan eskola bat ere egon zen. Horretan oinarrizko heziketa jaso genuen asko eta askok. Eskola 1962. urtean itxi zen, herrian beste eskola berria egin zelako. Baina 1982ra arte kofradiak bere jarduna mantendu zuen. Urte horretan, hain zuzen ere, kofradia berria egin zen, eta hara pasatu zen ordura arte Kofradia Zaharrean egiten zen jardun gehiena. 1987. urtera arte Kofradia Zaharrean zer edo zer egiten zen, baina jarduera nagusia eraikin berrian egiten zen. Ondoren, armadore batek bulegoak eduki zituen bertan. Gerora, Portu Zuzendaritza eraikinaren jabe egin zen, eta ostalaritza jarduerara bideratu zuten. Ostalaritzako jarduera hori iazko irailera arte luzatu zen. Zurrumurruek diote jatetxea kendu eragin egin ziotela. Izan ere, izatez, kontratua 2018ra arte zeukan. Hori itxita, korbatadun asko ibili izan ziren hortik bueltaka.
Eta ondoren, erre egin zen.
Hala da. Santa Ageda bezperan su hartu zuen, eta herriak zeukan gauzarik preziatuena erre egin zen: Bentalekua. Gehiena erre zen, lau aulki inguru kenduta. Bentaleku hori Kantaurialdean bakarra zen; Zumaian beste bat dago, baina karratua da. Horren aurrean, herritar batzuk urduri geratu ginen. Orain, hainbeste denbora pasatu da, eta ikusten duguna da eraikina hor dagoela, alferrik galtzen.
Eraikinak inoiz ez du eduki ondare izendapena?
Ez dakit izendapena eduki duen, baina mutrikuarrok bai eduki dugu ondare modura. Izan ere, Bentalekuaz gain, hor museo txiki bat ere bazegoen. Horretan itsasoko hainbat tresna zeuden. Orain, zurrumurruak daude, bai kalean eta baita udalean daudenen artean ere, eraikin horri berreskuratu eta ostalaritzako jarduerara bideratuko dutela. Esaten denez, ospe handiko sukaldari baten jatetxea, lotarako lekua eta abar kokatuko lituzkete hor. Horren jakitun, eraikina babestearen aldeko taldea sortu genuen: Kofradia Zaharraren Lagunak.
Zuen ustez, eraikin horretan zer egin beharko litzateke?
Uste dugu eraikin hori ostalaritzako jarduerarako baino egokiagoa dela Mutrikuko itsas ondarearentzako lekua izatea. Orain, heldu gara puntu batera zeinetan udalaren aldetik ez daukagun erantzunik, eta ezer ez dakigun. Guk udalari eskatu geniona da horren inguruko ezer dagoenean, gurekin harremanetan jartzeko, guk eraikin horrentzako alternatibak baditugulako.
Ostalaritzako jardueraren bat jartzeko proposamen horrek ez du ondarea babesteko inolako aukerarik ematen?
Aurreko agintaldian ikerketa bat egin eta gero, EH Bilduk proposatu zuen interpretazio zentro bat komentuaren aldamenean egitea. Lanketa hori egin zen pentsatuz Bentalekua zegoen lekuan egongo zela. Baina hara non erre egin zela. Beraz, orain beste egoera batean gaude. Bentalekua oinarrizko ondare bat da, eta uste dugu hori dagokion lekuan egon behar dela. Alegia, Kofradia Zaharraren eraikinean. Eta hori berreskuratzeaz batera, eraikin osoa itsas ondarearen zentro bihurtzea proposatzen dugu.
“Guk uste dugu Kofradia Zaharraren eraikina dela aproposa gure etorkizuneko ondare zentroa izateko. Guk alternatiba batzuk baditugu”
Eta erakundeek ere ez dute Bentalekua berreskuratzeko asmorik agertu?
Guk dakigunez, ez. Batez ere, guk uste dugulako eraikin horri ostalaritzako erabilpena eman nahi diotela. Eta asmo hori dutelakoan gaudenez, interpretazio zentroa litzatekeena beste nonbait kokatuko lukete. Berez, alternatiba bat badago zeinetan jasota dagoen lonjapean kokatzea Bentalekua eta itsas ondarearen zentroa. Solairu horrek 160 metro koadro ditu, eta guk diogu hor ez dela dena sartzen. Guk uste dugu Kofradia Zaharraren eraikina dela aproposa gure etorkizuneko ondare zentroa izateko. Guk alternatiba batzuk baditugu. Adibidez, goiko solairuan Nautilus kokatu ahal da, erdiko solairuan Bentalekua berreskuratu, eta ontziolako tresnak, urpekarien trajeak, hitzaldi areto bat… Beheko solairuan taberna txiki bat, eguneko arraina jateko gune bat, akuikultura eskolan egiten duten lana erakusteko gune bat, acuarium itxuran… Gure proposamena ideia bat baino ez da, eta moila osotasunean hartzen du.
Eraikina eta ondorioz ondarea galtzeko arriskua ikusten duzue. Herritarrak egoeraren jakitun dira?
Bilerara nahikoa jende agertu zen, eta kaletik ere asko izan dira esan digutenak hor zer edo zer egin behar dela. Arrisku handia dago. Udaletxetik datozen zurrumurruak heltzen zaizkigu, eta horiek diote Mutrikuk jatetxe «txukun» bat eta lotarako leku bat behar dituela. Hori oso arriskutsua iruditzen zaigu. Izan ere, hori eginez gero, moila osoa pribatizatu egingo litzateke. Herriari galdetu behar zaio zer egin nahi duen.
Eta orain, zer?
Oztopoak daude. Eta guk udalari eskatu dioguna da nahiz eta Portu Zuzendaritzak ostalaritzako jarduera bat kokatzearen alde egin, herritarren eta herriaren interesak defendatzeko. Alkatearekin ere batu ginen, eta «ados» esan eta eskaera idatziz jasota aurkezteko esan zigun. Eta hala egin dugu. Guk gai hau mugitzen hasi nahi dugu, gerora ez gertatzeko dena isil-isilik eta atzetik adostuta dagoela eta ezer ezin dela egin. Garaiz ibili nahi dugu, eta herritarrak ere mugiarazi. Albisterik ez badago, albistea guk geuk sortu ahal dugu. Iritziak batu eta kontuan edukita, guk bilatu ahal dugu irtenbidea.