Proiektu berri bi jarri ditu martxan Uribarren Abaroa Fundazioak:
lorategi botanikoa eta
zoo txikia. Biak daude publikoari
zabalik eta
doan bisitatu ahal dira. Izan ere, hori da Uribarren Abaroa Fundazioaren helburu nagusia: egoiliarren gizarteratzea sustatu eta Lekeitioko aisialdia dinamizateko herritarrei eta kanpotik etor daitezken bisitariei azpiegitura erakargarri bi eskaintzea.
Jendea, Uribarren Abaroako zoo txikia ikusten.
«Egoiliarrak herriagaz kontaktuan egotea nahi dugu, eta herriak egoitzagaz», azpimarratu zuen
Fernando Ibarra Egiguren Uribarren Abaroa Erresidentziako zuzendariak azpiegitura berri bien inaugurazio ekitaldian. Pertsona egoitza batean sartzen denean gizartetik hurruntzen dela esan zuen neurri batean, «gizartearekiko kontaktua galtzen duela sentitzen du». Hori dela eta, Uribarren Abaroa Fundazioan, aspalditik, udalerriko erakunde eta taldeekin hartu-emana bultzatzen dutela azaldu zuen. Baina orain,
haratago joan nahi izan dute, eta fundazioko instalazioak
topaleku bihurtu nahi dituzte egoitzako erabiltzaile eta bisitarien arteko integrazioari bidea emateko.
Irailaren 8tik, zooak eta lorategi botanikoak
5.200 bisita baino gehiago izan dituztela jakitera eman zuen Fernando Ibarrak, ia 1.000 bisita asteko. «Beraz, fundazio barruan herriko edozein parketan ikus daitekeen errealitatea ikus dezakegu orain; hori zen guk proiektu honegaz lortu nahi genuen helburua».
Gizarteratze bat lortu nahi izan dute proiektu bi publikoaren eskuragarri ipinita, aurretik garatzen ari ziren programa eta azpiegiturak erabiliz.
“Lorategi botanikoak 20.000 metro karratu eta 123 espezie desberdin ditu”
Hezkuntzarako tresna. Horrez gain, hurrengo belaunaldien hezkuntzan lagundu nahi dutela azaldu zuen Ibarrak. «Ditugun errekurtsoekin elkarlan bat egin dezakegu herriko beste eragileekin adin txikikoen formakuntza garatzen laguntzeko».
Uribarren Abaroa Fundazioko ordezkariak, erresidentziako zuzendaria eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaria zooa bisitatzen.
Horretarako,
doaneko bisita gidatuak eskaintzen ari dira gazteak ingurumenaren edo gizartearen arloan trebatzeko. «Egoitza bat eta bere funtzionamendua ezagutu dezakete barrutik». Dagoeneko hamar bisita dituzte programatuta, euretatik zortzi ikastetxeetako bisitak dira. «Aldi berean, egoiliarren estimua handitzen dute bisitek, euren etxea eta euren lorategia dena bisitatzera datozelako».
“Zoo txikian 28 espezietako 50 hegazti baino gehiago ikus daitezke”
Eguaztenean [urriak 18] inauguratu zuten jardin botanikoa Bizkaian dagoen horrelako bigarren
lorategia da.
20.000 metro karratu ditu eta
123 espezie desberdin. Era berean, bi baratze ere badaude; bata, sasoiko barazkiena, eta bestea, landare usaintsuekin eta sukalderako landareekin osatua. «Baratze horietan, gure erabiltzaileek landareak eta barazkiak landu ditzakete, eta, horrela, aisialdiko denbora igaro».
Lorategien barnean
hegazti exotikoen bilduma pribatua, zoo txikia, ikus daiteke.
28 espezietako 50 hegazti baino gehiago daude ikusgai. «Hegaztirik ederrenen eta bitxienen aukeraketa bat da».
Hegazti horiek erabiliz,
Animaliek lagundutako terapiarekin (ALT) lan egiten dute. Pertsona bat eta animalia bat elkartzen dituen terapia horren helburu nagusia pertsonaren kalitate emozionala hobetzea dela azaldu zuen Esther Arrieta terapia saioen arduradunak «Onurak alderdi guztietan dute eragina; psikikoak, fisikoak, hezkuntzaren alorrekoak, sozialak eta emozionalak dira».