Emozioz beteta amaitu da 40. Euskal Zine Bilera

Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolaren Zulo filmak amateur mailan eta Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay lanak profesionalen atalean irabazi dituzte 40. Euskal Zine Bileraren film onenaren sari nagusiak. Koldo Goitia Lekeitioko alkatearen eta Benito Ansola EZBren sortzailearen eskuetatik eraman zituzten diru-saria eta urrezko antzar preziatuak etxera. Benito Ansola sari banatzaile eta omendu ere izan zen momentu berezi eta hunkigarriez betetako amaiera ekitaldian.
Benito Ansola oholtza gainean, Miren Gojenola eta Tessa Andonegi aurkezleekin. Argazkia: Euskal Zine Bilera

Benito Ansola oholtza gainean, Miren Gojenola eta Tessa Andonegi aurkezleekin. Argazkia: Euskal Zine Bilera

Guztira, sei sari banatu zituzten aurtengo bileran pate hartu duten 31 partaideen artean. Film onenaren sariagaz gain, beste bi kategoria ere saritu zituzten: zuzendaritza eta gidoia. Horiek ere arlo bitan, profesionala eta amateurra. Hala, Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban donostiarrek irabazi dute profesionalen mailako zuzendaritza saria Euritan filmagaz, eta amateur mailako zuzendaritza saria Berako Oier Fuentes-ek lortu du Aska Tasun Hari lanagatik. Gidoi onenaren sariak, berriz, Bertol Arrietarentzat eta Gernika-Lumoko Sare-rentzat izan dira. Zorrak Zor filmagatik profesionalen mailako 1.600 euro eta zilarrezko antzarra eskuratu ditu Arrietak, eta Aterabidetik lanarengatik 1.000 euro eta zilarrezko antzarra sariak irabazi ditu Gernika-Lumoko Sarek.

[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]

Epaimahai lanetan Aitor Gametxo zinegile eta muntatzaile lekeitiarra, Arantza Lauzirika artista eta arte eta ikus-entzunetan doktorea, Natxo Rodriguez artista, ikertzaile eta irakaslea, Iratxe Urkiaga aktore eta haur animatzailea eta Kote Camacho marrazkilari eta zuzendari oiartzuarra aritu dira oraingoan. Begirada. Sentimendu eta emozioz beteriko ekitaldia izan zen amaierakoa, Benito Ansolari eskainitako omenaldia batez ere. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak elkarrizketatu zuen “gure Lekeitioko John Ford”, eta bere filmografiaren errepasoa egin eta era askotako pasarteak gogora ekartzeko aukera egon zen.
Ruben Martinez, Benito Ansola Bekaren irabazlea eta Leire Lardazabal Topaguneko kidea. Argazkia: Euskal Zine Bilera

Ruben Martinez, Benito Ansola Bekaren irabazlea eta Leire Lardazabal Topaguneko kidea. Argazkia: Euskal Zine Bilera

Zuzeneko musikak ere girotu zuen ekitaldia, eta Benito Ansola bekaren irabazlea ere ezagutzera eman zuten. Leire Larzabal Euskaltzaleen Topaguneko kidearen eskutik jaso zuen Ruben Martinez Rosasek 3.000 euroko saria bere ikus-entzunezkoa sortu ahal izateko. Martinezen Altsolorra proiektua datorren urteko EZB-n ikusi ahalko du publikoak.

[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]

Mahaingurua. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari ere espazioa zabaltzen dio EZBak. Era horretan, euskal zinemagintzaren egoeraz partekatzeko aukera eskaini zuen zapatu [urriak 21] goizean egon zen mahainguruak. EZBren 40 urteetan euskal ikus-entzunezkoetan egondako bilakaeran belaunaldi berrien eta emakumeen inpaktua aztertu zituzten. Olatz Beobide izan zen aurkezle, eta Jone Karres, Maitane Carballo, Aurora Iturrioz, Iñaki Gomez eta Iban del Campok hitz egin zuten bakoitza bere esperientziatik. Mahainguru ostean, bazkaltzera joan ziren partaide guztiak, eta han ere elkarrizketaren hari berdinetik jarraitu zuten.