Arte diziplina ezberdinak batuko ditu Azalien asteburu kulturalak
Bermeoko Arrantzaleen Kofradia Zaharra aukeratu du Barrueta Arte Elkarteak ekimena egiteko; barikuan hasi eta domekara bitartean aukera ugari eskainiko dituzteHerriko artisten lana ezagutzera emateko jaio da Barrueta Arte Elkarteak Bermeoko Udalaren la...
Bermeoko Arrantzaleen Kofradia Zaharra aukeratu du Barrueta Arte Elkarteak ekimena egiteko; barikuan hasi eta domekara bitartean aukera ugari eskainiko dituzte
Herriko artisten lana ezagutzera emateko jaio da Barrueta Arte Elkarteak Bermeoko Udalaren laguntzagaz antolatu duen Azalien asteburu kulturala. Hala, datorren asteburuan arte diziplina ezberdinetako lanak batuko dituzte espazio bakar eta berezi batean, Arrantzaleen Kofradia Zaharrean, hain zuzen ere.Herriko hamar arte edota kultur elkarte inguruk parte hartuko dute Azalien asteburu kulturalean. Elkarteez gain, banakako artistek ere parte hartuko dute.
Ekimenaren helburuak honakoak direla azaldu dute antolatzaileek: alde batetik, herriko artistek egiten dituzten arte diziplina ezberdinetako lanak toki berdin batean batzea herritarrei eta interesa duten guztiei ezagutzera emateko; eta, bestetik, elkarren lanak ezagutuz, artisten arteko harremanak indartzea.
Asteburu kulturala aurkezteko emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, «herrian ezkutuan dauden arte diziplinak azaleratuko dituzte, eta herritarrentzako ezezagunak diren ekimenak egongo dira aukeran Arrantzaleen Kofradia Zaharrean».
Datorren asteburuan, hortaz, herritarrek pintura, musika, argazkilaritza, zinea, grafitiak, eskultura, antzerkia, zeramika, bertsolaritza…edukiko dituzte aukeran.
«Zorra»
«Herritarrekin zorra» zeukatela iritzita hasi ziren ekimena prestatzen Barrueta Arte Elkarteko kideak. Elkarteko kide Pedro Lazpiurren arabera, «64 urtean erakusketak antolatu ditugu Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, azken bi urteetan izan ezik». Hasierako ideia edukiontziak erabiltzea zela esan du Lazpiurrek, «arte diziplina bakoitzerako edukiontzi bat erabili nahi genuen, eta edukiontziak Lameran eta Portuzarrean kokatzea zen asmoa. Ideia hori, baina, beste urte baterako gordeko dugu».
Aurtengoa esperientzia pilotua izango dela diote, «eta aurten norbaitek parte hartzen ez badu, agian, datorren urterako animatu daiteke, ziurrenik jende asko faltako delako». Izan ere, geratzeko jaio den ekimena dela jakinarazi dute.
Barikuan, 19:00etan zabalduko ditu ateak Arrantzaleen Kofradia Zaharrak, zapatuan, goizean eta arratsaldean zabalik edukiko dute, eta domekan, berriz, goizez bakarrik egongo dira.
Mota honetako ekintzak batera ikustea «zaila» izaten delako, herritar guztiak animatzen dituzte parte hartzera, «esperientzia polita» izango delako.
Era berean, ekitaldi guztietarako sarrera dohainik izango dela gogorarazi dute.