Euskal Herriko 28. Hiru Txirlo Bola Txapelketa amaitzear dago. Zapatuan [urriak 28] jokatuko da Iruzubietako bolatokian azken saioa. Azkoitiako Floreagan, Barinagan eta Eibarko Asola Berrin jokatu ondoren, Iruzubietako tiraldiak erabakiko du aurtengo garailea. Saio guztiak bezala,
17:00etan hasiko da norgehiagoka.
Ohi den bezala, nahi duen guztiak parte hartu dezake, eta
hiru tiraldi egiteko aukera egongo da. Izena, beti bezala, saioaren egunean bertan eman behar da, azken tiralariak tiraldi guztiak bota orduko.
Asteburu guztietan legez, oraingoan ere
sariak egongo dira: lehenengoa gelditzen denak 65 euroko saria jasoko du, bigarrenak 50 eurokoa, hirugarren sailkatuak 35 eurokoa, laugarrenak 20 eurokoa, bosgarrenak 10 euro jasoko ditu, eta seigarren sailkatuak oparia.
Sailkapenaren buruan doan Bittor Astigarraga ‘Sumendixa’ eskuman. Argazkia Mikel Urkia Zuloaga
Saioak. Zapatuan erabakiko da, beraz nor den aurtengo txapelduna. Asola Berri elkartekoek emaitza onak lortu dituzte saiorik saio, eta elkarteko
Bittor Astigarragak jarraitzen du sailkapenaren buruan.
Azkoitiako saioa Asola Berri elkarteko
Josean Blancok irabazi zuen 6 txirlo botata, elkarte bereko tiralaria,
Bittor Astigarraga izan zen Barinagako saioko irabazlea 7 txirlogaz, eta txapelketaren buruan jarri zen Elgetako Sebastian Aranzabalegaz 12 txirlotara berdinduta. Joan den asteburuan, Eibarko Asola Berrin jokatutako saioan Asola Berriko
Jagoba Gonzalo izan zen 53 tiralarien arteko trebeena; 5 txirlo botata nagusitu zen Gonzalo.