333 postutan, zernahi
Urtero legez, bertsolarien saioa, produktu onenen sari banaketa eta gaztaren enkantea egingo dituzte eguerdian. Arratsaldean, zesta partiduak egongo dira Jai Alain, eta porru festa AstranNekazaritza protagonista duen azoka hartuko du astelehenean, Gern...
Urtero legez, bertsolarien saioa, produktu onenen sari banaketa eta gaztaren enkantea egingo dituzte eguerdian. Arratsaldean, zesta partiduak egongo dira Jai Alain, eta porru festa Astran
Nekazaritza protagonista duen azoka hartuko du astelehenean, Gernika-Lumok. Beste urte batez, herriko txokoak jendez betetzera etorriko da Urriko Azken Astelehena. 09:00etan hasi eta 15:00etara bitarte, zer saldu eta zer erosi egongo da 333 postutan.Barazkiak, gazta, loreak, eztia, frutak, txakolina, artisautza produktuak eta beste hainbat ekarriko dituzte Euskal Herri osotik iritsitako baserritarrek.
Goizean goiz jaiki eta nor bere postura gerturatuko da bere produktuak era txukunean eta adierazgarrian jartzeko. Etxean egindako lana herritarren bistara jartzeko erakusleiho aparta izaten da Urriko Azken Astelehena, eta, ahal dela, zer edo zer saltzeko aukera ere.
Baserrietako ekoizpena herritarrei hurbiltzen laguntzen du azokak, bien arteko harreman zuzena posible eginez. Tradizioa eta kultura uztartzen dituen azoka horrek jende andana biltzen du; iaz, esaterako, 140.000 bat bisitari izan ziren egun horretan Gernika-Lumon.
Azoka itxi orduko, ekoizleen lana aitortzeko tartea hartzen dute, eta produktu onenak saritzeko aprobetxatzen dute. Hala, aurten ere, 13:30ak aldera, saria jasotzera deituko dituzte Merkurio iturriaren parean jarritako agertokira gazta, fruta, txakolin, barazki, ezti eta lore onenen ekoizleak. Eta sari banaketa bukatuta, ospe handia duen gaztaren enkantea egingo dute leku berean. Irabazlearen gazta erdia eta bigarren saria hartuko duen gazta erdia eramango dituzte enkantera, urtero ohi legez. Iaz, esaterako, gazta biak Xaibor diskofestak erosi zituen. 5.000 eurotan erosi zuen lehenengoa, eta 100 eurotan, berriz, bigarrena.
Iazko gazta gozoena, epaimahaiaren arabera, Olaberriako Aizpea SC izan zen, eta bigarren onena, aldiz, Mutrikuko Goienetxearena.
Sari banaketa eta gaztaren enkantea hasi orduko, baina, bertsolariek ohiko saioa egingo dute, Merkurioko agertokian.
Egunari bukaera emateko, zesta-punta partiduak jokatuko dituzte Jai Alai pilotalekuan, eta porru festa izango da aukeran, aldiz, Astran. 18:00etan hasiko dute kulturarako fabrika sozialeko festa, eta bertan izango dira giroa alaitzeko DJ Bull eta DJ Kool thing.