Oroitzapenak eta esker oneko hitzak, Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastolaren mendeurren ospakizunetan

1917an Mesedetako mojek Markina-Xemeinen ikastetxe txiki bat sortzea erabaki zutenetik 100 urte igaro dira, eta ordutik, gauza asko bizi izan ditu Bera Kruz ikastolak. Azken aldaketa handia urteotako eraldaketa prozesua, instalazioetan zein irakaskuntza metodologian. Horixe gogoratzeko eta ospatzeko bildu dira gaur [urriak 28] lehengo, ikasle, irakasle, guraso, laguntzaile, langile, zentroaren arduradun zein erakundeetako ordezkariak. 11:00etan hasi dituzte ospakizunak, Mertzedeko elizan egindako elizkizunagaz. Xemein Gazte Ahots Abesbatzak parte hartu du elizkizun berezian. Ikastolako jolastokian bildu dira 12:00etan. Taula gainean, Markina-Xemein eta Ondarroako gazteek osaturiko Algara musika taldea. Zerutxu dantza taldeko lau dantzarik aurreskua egin ondoren, 13:00etan, eguneko momentu garrantzitsuena ailegatu da, ekitaldi instituzionala. Idoia Ventura Bera Kruzeko zuzendariak hartu du hitza lehen: “Eskerrik asko bene-benetan egun hau gugaz ospatzera etorri zareten denori. Garaian garaiko aldaketetara egokitzen jakin du gure ikastolak, eta hori guztiori jende askori esker izan da, horietako asko hemen zaudete. Gaur instalazio berriak inauguratzen ditugu, eta nik eskerrak emateko hitzak baino ez ditut”.
Zerutxuko dantzariak, aurreskua egiten.

Zerutxuko dantzariak, aurreskua egiten.

Nerea Begoña Elizbarrutiko ikastetxeen zuzendariak ikastolaren hezkuntza eredua jarri du balioan. “Ikastola osatzen duten guztiek beti nahi izan dute eurena den proiektua, eta ekitaldi hau horren ezaugarria da. Mundua hezkuntzaren bidez baino ez da aldatuko; hezkuntza hezitzaileei esker bakarrik alda daiteke, eta irakasleok alda gaitezke, bakarrik ikasleengandik ikasita”.

[zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]

Erromatik etorri berri, Arantza Lertxundi Berrizko Mercedarias Misiolarien bikario nagusiak (MMB) hitz egin du ondoren. “Berrizko misiolarien izenean, zorionak ikastola hau posible egiteagatik. Zorionak eraldaketa hain ondo egiteagatik. Hainbat urtetako lanaren fruitua ikusi dugu gaur. Guretzat hezkuntza oso garrantzitsua da, eta gauden leku guztietan hezkuntza integrala, kalitatezkoa eta hezitzailea bultzatzen dugu. Pertsona heziak eta kolaboratzaileak nahi ditugu, konprometituak, aldaketak ematea ahalbidetzeko. Gazteak ondo hezitzen baditugu, mundu hobe bat izango dugu”, nabarmendu du.
Olatz Garamendi Jaurlaritzako ordezkarii eta ikasle ohiak ere hartu du hitza

Olatz Garamendi Jaurlaritzako ordezkarii eta ikasle ohiak ere hartu du hitza

Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde eta ikasle ohiak eskerrak eman dizkio ikastolari, Jaurlaritza ospakizunetara gonbidatzeagatik. “Hemengo ikaslea izan nintzen, eta oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Ikastolak moldatzeko izan duen joera nabarmendu nahi dut. Seguru nago belaunaldi berriek formazio oso ona jasko dutela bai ikastola honetan eta baita Euskadiko hezkuntza sistema osatzen duten gainerako ikastola eta ikastetxeetan ere”. Eskultura. Jose Pablo Arriagak ikastolarentzat egindako eskultura ikusteko momentua ailegatu da ondoren. “Oso polita da niretzat hemen egotea, eta pozgarria niri konfiantza ematea lan hau egiteko”. Egurragaz barik, eskultura harri akrilikoagaz egin duela azaldu du Arriagak, garai berrietara egokitzeko gaitasuna adierazteko. “100 urte azaltzea eskultura batean oso gaitza da. Lore zabal bat egin dut, eta zabalik geratzen dena eskola da, hiru pieza daude solte, horiek ikasleak dira. Lore sorta bat modukoa da, osatuta dagoenean zabaltzen dena”. Juanjo Txurruka alkatea, Felix Alonso Elizbarrutiko bikario nagusia eta Lourdes Gorostola Espainiako estatuko MBB koordinatzaile orokorra ere egon dira ekitaldian. Zinta mozketa eginda, instalazio berrietara bisita egin dute ostean, herri bazkarian bildu aurretik. HONEKIN LOTUTA: Bera Kruz ikastola, 100 urte hezten [ERREPORTAJEA]