Ibon Iparragirreren inguruko erabakia hartzeko orduan erakunde desberdinak
elkarri pilota pasatzen dabiltzala adierazi dute azken egunetan senideek eta Iparra Galdu Baik plataformak. Atzo [urriak 29] eguerdian Ondarroako Alamedan egindako elkarretaratzean hori baieztatu zuten berriz ere senideek.
Iragan astean zenbait mugimendu egon direla adierazi zuten. Aste hasieran, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako
Jose Luis Castro epaileak Alcala-Meco espetxeko medikuari galdetu zion ea Iparragirreri
104.4 artikulua aplikatzea komenigarria den. Medikuak ez zion erantzun garbirik emon epaileari eta Ibon “azken egunetan egon den bezala” ikusten zuela esan zion; ez zion ez baiezkorik ezta ezezkorik ere erantzun. Orduan,
abokatuek egindako zenbait kudeaketari esker, Castro epaileak medikuari erantzun garbi bat emateko exijitu dio. Honela, medikuak
Iparragirre aske lagatzea edo ez lagatzekotan horren arrazoiak zein diren zehaztu behar du egun hauetan. Senideek esan zutenez “hurrengo orduak eta egunak
erabakigarriak izango dira”.
Jende asko batu zen Alamedan atzo eguerdian.
Etxekoek azpimarratu zutenez senide bat egon da asteburuan espetxean Iparragirre ikusten, eta
animoz ondo ikusi duten arren
ahotsa makal bilatu diote. Abokatuekin egindakoez gain, Arartekoarekin ere lanean dabiltzala jakitera eman zuten.
Senideek zein Iparra Galdu Baik plataformak “preso gaixo larrien arazoa
gizarteratzea” zuten helburuetako bat Ibon Iparragirre etxera ekartzea lortzeko, eta beraien aburuz lortzen ari dira helburu hori. Mobilizazioetan
jende ugari ari da parte hartzen eta hori “seinale positiboa” dela aitortu dute.
Atzo Alamedan egindako elkarretaratzean herritar askok parte hartu zuten, udala osatzen duten bi alderdietako
(EH Bildu eta EAJ) zinegotziek besteak beste. Lekeition ere manifestazioa egin zuten bariku iluntzean Iparragirreren askatasuna eskatzeko. Iparragirreren etxekoek elkarretaratze, manifestazio eta gainontzeko ekimenetan
parte hartzen jarraitzeko eskatu zieten herritarrei. Horren harira, azaroaren 4an Gasteizen, azaroaren 9an larriki gaixo dauden presoen herrietan azaroaren 11n Basaurin eta beste herri askotan sortzen joango diren ekimenetara hurbiltzeko deia luzatu zuten.
HONEKIN LOTUTA: