Norgehiagoka bizia egon zen zapatu goizean [urriak 28] Lekeitioko uretan. Isuntzaren gizonezkoen arraunlari beteranoen trainerua, Isuntzaren aurtengo gizonezkoen taldea eta Lea-Artibai nesken taldea atera ziren uretara Arraun Desafioa irabazteko gogoz. Beteranoei 20 segundo aterako zietela jokatu zuten gazteek, eta
2 segundogatik bete zuten erronka.
Irabazleak banderagaz. Argazkia: Isuntza Arraun Elkartea
Lehia estua egon zen. Ziabogara arte beteranoek zeukaten erronka eskuetan, baina gizonezkoen talde bien arteko aldea handitu egin zen helmugara orduko. Gazteek ziabogan 5.03 denbora eman zuten eta
10.06 denbora eginez sartu ziren helmugara; Isuntzaren gizonezkoen arraunlari beteranoen trainerua berriz,
10.28 denbora beteta sartu zen helmugan, ziabogan 5.11 denbora eman zuten.
Beste bi taldeekiko minutu eta erdi ez zituztela galduko apostu egin zuten neskek. Baina, espero baino denbora gehiago atera zieten beste bi traineruek. Ziabogan 6.21 denbora eman zuen Lea-Artibaik eta
13.01 denbora eginez sartu ziren helmugan.
Giro ona izan zen nagusi, eta ikusle asko batu ziren talan lagunarteko estropada ikusteko. Parte hartu zuten arraunlariei eta ikusleei ere eskerrak eman nahi izan dizkie Isuntza Arraun Elkarteak, eta aurten
bandera gazteek eraman badute ere, hurrengo erronketarako entrenatzen joateko animoak eman dizkiete neskei eta beteranoei.