Kataluniaren independentzia aldarrikapenaren inguruko gertaeren gaineko jakinmina ase eta eztabaidarako gune bihurtu da asteburuan, Markina-Xemeingo Plazabarripea. Momentu historiko horren parte aktibo izan nahirik
Kaixo Errepublikak azken momentuan sortutako ekintza jarri zuen abian herritar talde batek. Hala, hiru egunetako akanpada eta era askotako ekimenak antolatu dituzte “normaltasunagaz apurtu eta zer edo zer garrantzitsua gertatzen ari dela bistaratzeko”.
Kaixo Errepublikak ekimeneko bazkaria Plazabarripean.
Kataluniako errepublikari
ongi etorria emateko, herrian zehar egin zen auto karabanagaz hasi zen ekintza, bariku arratsaldean [urriak 27]. Kanpalekua muntatu eta lehen asanblada ere egin zuten. Zapatuan [urriak 28], berriz, arrakasta handia eduki zuen xerigrafia tailer bat, bazkaria, poteoa eta Lorea Zulaikaren kontzertua egon ziren. “Jai giroa izan zen nagusi. Espontaneoak eta A Capella abestu zutenak ere egon ziren”.
Asteburuko ekintza nagusia, baina, domeka goizeko [urriak 29] hitzaldia izan da. Kataluniako esperientzi berriak Euskal Herrirako baliogarriak diren elementuak badituela, ate bat zabaldu dela eta herria dela bermea azpimarratu zuten beste askoren artean
Silvia Formenti ACNko kideak,
Txutxi Ariznabarreta Independentistak taldeko kideak eta
Izaskun Goienetxea Askapenako kideak. Galdera erantzunerako tartea ere egon zen amaieran. “Jendeak interesa badaukala erakutsi zuen”.
Domeka goizeko hitzaldia.
Bataz beste hamar bat laguneko taldea egon da lotan kanpalekuan gauero, eta egunez jendearen joan etorria iraunkorra izan da. Hori zuten helburua. “Gauza zabal bat izan da, nahi zuenak ahal zuenean hurreratu eta gabaz zein egunez parte hartzeko”.
Ume eta nagusientzako jolasak egon ziren domeka arratsaldean, eta azken asanblada eginda jaso zuten dena. “Akanpada amaitu bada ere, borrokak
aurrera jarraitzen du”, esan dute parte hartzaileek. “Kataluniako errepublika defendatzea, gure burua defendatzea da. Errepublika da benetako demokrazia lortzeko bide bakarra”. Hori dela eta, etorriko diren gertakarien aurrean adi egongo direla esan dute.