Argizaiolari buruzko erakusketa ikusgai dago Lekeitioko Barandiaran aretoan
Sebastian Altonaga Garcia de Gamboa berangarrak egindako argizaiolak dira. Altonagak aspalditik duela euskal kultura ikertzeko zaletasuna azaldu dute Gora Buru elkartekoek, eta jatorrizko eredua hartu, argazkia atera, eta argizaiola lantzen duela zehaztu dute. “Arlo asko jorratu dituen arren, orain dela zortzi urte hasi zen argizaiolak egiten. Baserrietatik, museoetatik eta liburuetatik jasotako ereduak landu ditu, eta berak egindako 400 bat argizaiolen bilduma dauka”. Horietako batzuk miretsi ahalko dira egunotan, Lekeition.
Argizaiolez gain zeukaten erabilpenari buruzko azalpenak eta datu historikoak ere aurkituko dituzte bisitariek aretoan.
Ordutegia. Erakusketa 19:00etatik 21:00etara egongo da ikusgai astegunetan, eta 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara jaiegun eta asteburuetan.