Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Iñigo Perez markina-xemeindarrak eta Irati Velasco mutrikuarrak irabazi dute Mutrikuko XV. Herri Krosa

Perez izan zen zapatu arratsaldean jokatu zen krosean korrikalaririk azkarrena. Markina-xemeindarrak 36 minutu eta 37 segundo behar izan zituen Debarainoko joan-etorria gauzatzeko. Nesketan berriz, Irati Velascok 50 minutu eta 35 segundo behar izan zituen.
Korrikalariak irteera hartzeko prest. Argazkia: Alberto Gorritiberea

Korrikalariak irteera hartzeko prest. Argazkia: Alberto Gorritiberea

Goiko Plazan hasi eta Debarainoko 10 kilometroak ordu bete baino gutxiagoan egin zuten parte hartzaile gehienek. Zenbait korrikalarik, itzuleran Debatik atera eta kostaldeko bideko lehen zatia izan zela gogorrena aitortu dute. Mutiletan bigarren sailkatua Ander Rodilana ondarrutarra izan zen, 37:26 minutuko denboragaz, eta hirugarrena berriz Jose Antonio Cirujano, Rodilanarengandik 20 segundora zehazki. Nesketan, alde handiarekin irabazi zuen Velascok, bere atzetik sartu ziren korrikalariek zazpi bat minutuko atzerapena eduki baitzuten; Naia Blanco eibartarrak 57:14 minutu behar izan zituen eta Maribel Arrokero ondarrutarrak berriz 57:40 minutu. Nabarmentzekoak izan ziren bai nesketan eta baita mutiletan ere Lea-Artibai eta Mutrikuko korrikalariek lortutako emaitzak; Bi mailetako lehen hiru sailkatuetatik lau izan ziren bertakoak.
Irabazleen podiuma. Argazkia: Alberto Gorritiberea

Irabazleen podiuma. Argazkia: Alberto Gorritiberea

Herriko korrikalarien sailkapena berriz Beñat Zafrak irabazi zuen 38 minutu eta 16 segundoko denboragaz. Bere atzetik sartu ziren Bingen Arrasate (39:15 minutu) eta Aitor Mendizabal (41:58 minutu). Antolatzaileek azpimarratu dutenez guztia ondo atera zen eta pozik geratu dira. Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete bertaratu ziren parte hartzaile, ikusle eta laguntzaile guztiei. Bereziki umeen krosean parte hartu zuen neska eta mutil kopurua nabarmendu nahi izan zuten, etorkizuna beraiek direla azpimarratuz. Azkenik, krosean parte hartzen ez duten guztiei datorren urtera begira animatzeko deia egin diete, “lasterketa oso polita” dela eta.