Lekeitio adin guztientzako herri lagunkoia bihurtzeko prozesu parte hartzailea jarri zuen abian, urte hasieran, Lekeitioko Udalak, eta herritarrak deitu zituen proiektua aurrera eramango zuen talde eragilea osatzeko. Talde hori eta gauzatzen ari diren proiektua aurkeztu dituzte gaur [urriak 31] goizean Lekeitioko Barandiaran aretoan egin duten ekitaldian.
Gaur egun
biziraupena luzeagoa dela eta pertsona gehienak 80 urte baino gehiago bizi daitezkela gogora ekarri du aurkezpenean
Amaia Antxustegi Ziarda Gizarte Ongizate, Emakumea eta Berdintasuna zinegotziak. Alde batetik, baliabide batzuk daudela esan du eta oztopoak, bestetik. Baina, bizitza luzeagoa oso
baliabide baliotsua dela azpimarratu du Antxustegik, “zahartzaroa zelan bizi eta bizitza osoa zelan garatu birpentsatzeko aukera ematen duelako. Ez bakarrik adinekoentzat, baizik eta adin guztientzako”.
Lekeitio Herri Lagunkoia prozesuaren talde eragilearen aurkezpena Barandiaran aretoan.
Aukera horregaz baliatuta, gizarte
inklusibo eta atsegin bat sortu nahi dute denentzako, eta prozesu horretako protagonistak
adinekoak izango dira. “Euren esperientziaren arabera jakingo dugu herriak ze beharrizan dituen eta beharrizan horrek zelan bideratu”. Hala ere, lanketa horretan gazteak ere kontutan edukiko dituztela azpimarratu du Antxustegik. “Denentzako atsegina izango den Lekeitio bat nahi dugulako”.
Apiriletik martxan. Hamalau laguneko lantaldea apirilean hasi zen martxan eta hilero batzen da, eta erakusten ari diren inplikazioa eskertu nahi izan die zinegotziak. “Proiektu hau ez delako epe laburrekoa izango, baizik eta epe luzeko konpromisoa izango delako”. Taldea anitza dela ere jakitera eman du. “Bere bizitzan esperientzia ezberdinak izan dituen jendea batzen du”.
Proiektua
arlo ezberdinetan landuko dute: etxebizitza, garraioa, eraikinak, harremanak… Eta talde eragilea lantalde hau bada ere, datorren urtetik aurrera herritarren parte hartzea eskatzen hasiko direla aurreratu dute. “Arlo ezberdinak denen artean jorratzeko”.
Prozesua aurrera daraman talde eragilea.
Bidelagunak. Lekeitioko Udalagaz gain,
Bizitzen Fundazioa ere bidelagun dauka lantaldeak prozesuan. Bizitzen Fundazioko koordinatzaile Izko Cardenalek azaldu duenez, prozesu hau Munduko Osasun Erakundearen ekimen bat da, eta hainbat herri eta hiritan ari dira garatzen. Lekeitio Euskadi Lagunkoia sarearen bitartez sartu da bertan. “Epe luzerako prozesu bat da eta lau fase nagusi ditu. Lehen fase horretan ari gara gu lanean; talde eragilea sortzen, prestatzen eta garatzen eman dugu urtea”.
Datorren urtean, berriz,
diagnostiko faseagaz hasiko direla jakitera eman du Bizitzen Fundazioko koordinatzaileak, eta hortik aurrera, beste faseak garatzen joango dira. “Ekintza plana garatu eta martxan jarri eta ekintza horiek inplementatzen. Azken fasea berriro ebaluaketa bat egitea izango litzateke, eta hortik abiatuta berriz prozesuagaz hasiko ginateke”. Prozesu guzti horretako parte teknikoan lagunduko du Bizitzen Fundazioak.
Gogotsu. Lantaldeko kideek ilusioa eta beharra egiteko gogoa daukatela azpimarratu dute. “Denontzako izango da mesede, denok irabazteko izango da, eta datorren urtetik aurrera taldeak egingo ditugu bakoitzak zer aurrera eraman jakiteko”.
Antena bat bezalakoa izan nahi dutela ere azaldu dute. “Dauden kezka eta arazo guztiak jaso eta bitartekari lana egin konpontzen joateko”. Eta Lekeitio herri lagunkoi bihurtzeko
herri guztiak parte hartu behar duela gaineratu dute. “Lekeition hobeto bizitzen ahalegintzeko asmo bategaz dator dena”.