Ziortza-Bolibarko frontoiko berrikuntzaren ospakizuna egingo dute asteburuan
Zapatuan Ziortza-Bolibarko pilotariei esker ona adierazteko ekitaldia egingo dute, 19:00etatik aurrera.
Domekarako, berriz, frontoia berritu dutela ospatzeko bertso-pilota jaialdi mistoa prestatu dute. 13:15ean hasita, Mikel Olazabal eta Patri Espinar eta Ibon Taberna eta Maite Ruiz de Larramendi bikoteak ariko dira zein baino zein gehiago. Oihane Perea eta Iratxe Ibarra bertsolariak izango dituzte alboan botillero lanetan.
Bertso eta pilota saioagaz gozatu bitartean, kopaua egongo da bertaratutakoentzat. Horiek salda beroa eta txorizo egosia izango dituzte dastagai.
Alberto Garro Uribe Ziortza-Bolibarko alkateak adierazi duenez, frontoia berritu osteko ospakizun honetan bolibarko pilotariei aitortza egitea erabaki dute: “Munduan gure enbaxadoreak izan dira; Ziortza-Bolibarko izena nazioartean zabaldu dutelako”.
Hain zuzen, herriko 28 pilotari profesionalek euren lekua izango dute frontoian. Nazioartean jokatzen aritu ziren horien argazkiak jarriko dituzte, eta beste izkina batean Jorge Oteizak frontoiari buruz zeukan teoria ere ipiniko dutela aurreratu du Garrok. “Bestalde, sorpresaren bat ere egongo da”.
Soinua hobetzeko. Frontoian insonorizazio edo soinua gutxitzeko lanak burutu ditu udalak. “Insonorizazioa bilatu dugu; guretzat erronka bat izan da hori. Izan ere, antzerkiak edo bestelako ekitaldiak egiten ditugu eta orain arte txarto entzuten zen”, azaldu du Ziortza-Bolibarko alkateak.
Beraz, asteburuko ospakizun ekitaldiak lanen emaitza ikusteko baliagarriak izango direla uste dute.