Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidesarien tarifa bateratuaren inguruko
mozioa aurkeztuko du Lea-Artibaiko EH Bilduk eskualdeko udaletxe guztietan.
Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek aurkeztu duten AP-8 eta AP-1 autobideetan aplikatuko den lurralde arteko gastu mugaren akordioak Lea-Artibaiko herritarrak
kanpo uzten dituela uste dute. Izan ere, beraien lurraldetik kanpo azpiegiturak erabiltzen dituzten bizkaitarrek eta gipuzkoarrek gehienez ere 45 euro ordainduko dituzte hilabetean. Baina lurralde arteko 45 euroko gastu-muga bakarrik Bizkaia abiapuntu edo helmuga duten joan-etorrietan aplikatuko da, eta Lea-Artibaiko herritarrek Gipuzkoara joan etorriak egiteko autopista
Itziarren hartzen dutela azaldu du EH Bilduk.

Imanol Pradales, Unai Rementeria, Markel Olano eta Aintzane Oiarbide, akorduaren aurkezpenean.
«Beraz, lurralde arteko gastu-mugaz ezingo dugu gozatu, eta berriro ere, Gerediaga eta Iurreta tarteko bidesariarekin gertatu zen bezala, Lea Artibaiko herritarrak ekonomikoki zigortuak izango gara, agerian utziz Lea Artibai bigarren mailako eskualdea dela Bizkaiko Foru Aldundiarentzat».
Eibarrera edo Ermura. Aldundien planteamenduari jarraituz, gastu mugaz baliatzeko, Lea-Artibaiko bizilagunak Eibar edo Ermura joan beharko lirateke autopista hartzera. «Horrek mugikortasun ikuspuntutik ez dauka ez hanka ez bururik, Lea Artibaiko herritar batentzat egunero
ia 35-40 km gehiago egitea suposatuko luke-eta».
Arazo horren aurrean, alternatiba edo konponbide errealak aurkitzea eskatzen diote aldundiari. «Lea Artibaiko herritarrak zigortuak irten ez daitezen eta gainerako bizkaitarrek bezala, eskubide berak bermatuak izan ditzaten».