Urriaren 4an hil zen Argentinan, 103 urte zituela,
Dolores Garate Zabala (1914ko apirilaren 3an jaioa). Markinarra izan arren
Osolo Etxebarri baserrikoa hain zuzen, askorentzat ez da ezaguna izango, 36ko gerra garaian utzi bait zuen herria, gerraren atzaparretatik ihesi.
Horrenbeste maite izan zuen herrian ere bere oroitzapena gordetzeko,
omenezko meza eta ekiladia egingo dizkiote domekan Dolores Garate Zabalari, oroigarri.
Karmengo elizan izango da elizkizuna
11:00etan, eta etxekoek antolatutako
omenaldia egingo da meza ostean
udaletxeko harreran. Omenaldi zabala dela esan dute etxekoek.
1939ko urriaren 11n ailegatu ziren Buenos Airesko portura Dolores Garate eta bere senarra, 45 eguneko bidaia nekagarri eta beldurgarri baten ostean.
Bateren batek salatu ahal zituen beldur Frantziara alde egin zuten, lehenbizi, Dolores Garate eta bere senar
Felix Apraizek. Eurekin eraman zuten semea, Peli. Urte gutxira, Bigarren Mundu Gerra hasterakoan Argentinara joateko erabakia hartu zuten, bertan bizi ziren-eta Apraizen anaia bi. Hiru urtez Frantzian bizi ostean,
1939ko urriaren 11n Buenos Airesko portura ailegatu ziren, 45 eguneko bidaia nekagarri eta beldurgarri baten ostean.
Dolores Garate Argentinako etxean. Argazkia: Edurne Apraiz Garate
Denda. Argentinako
9 De Julio herrian, Buenos Airestik lau ordutara, hasi zuen bizimodu berria, eta 1946 urtean
Casa Apraiz izeneko saltokia zabaldu zuten. Bertan egin zuen lan baita ere euren seme Pelik. 60ko urteetan La Rioja kalera lekualdatu zuten denda, eta 57 urte ondoren, 2003an, utzi zuten.
Beste alaba bat ere izan zuen bikoteak; Edurne, eta urteak joan etorrian herri horretan egin zuen bizimodua Dolores Garatek
ia 80 urtez. Urte horietan guztietan ez zituen etxekoak eta jaioterria sekula ahaztu, eta esan zuenez, 100 urte bete zituenean Markina-Xemeingo Udalak bidalitako eskutitza asko estimatu zuen.
Azkenera arte egon zen Euskal Herriko sendiagaz kontaktuan, eta haren oinordekoak Euskal Herrira etorri izan badira ere, bera
ez zen itzuli sekula.
Gurutzatutako bizitzak. Askori gertatu bezala, 36ko gerrak Dolores Garateren bizitza erabat aldatu zuen, erbestera alde egitera behartuz. 1936ko uztailaren 17an gertatu zen Errepublikaren aurkako militarren altxamendua, eta egunez egun gauzak gogortzen joan ziren markinar eta xemeindarrentzat ere. Hala, ahal zuten apurra izara artean batu eta Frantziarantz jo zuten Garatek eta bere senar Felix Apraizek. Landetan basoak garbitzen aritu zen Apraiz, eta etxetik hurran egonik, herrira itzuli zen Dolores Garate familia ikustera.
Gernika bonbardatu zuten egunean itsasontzia hartu zuen Bilbotik Frantziara; Joan Loiolak lagundu zion Bilbora heltzen
1937ko Apirilaren 25ean bonbardatu zuten azkenengoz Markina. Estalitako plaza, frontoia eta etxe batzuk apurtu zituzten. Hurrengo egunean tropa frankistak Iruzubieta eta Ziortza-Bolibarren sartu ziren, eta Kondor Legioko ehiza hegazkinek Gernika eta Munitibar bonbardatu zituzten. Momentu hartan Markinan zegoen Dolores Garate umeagaz, eta
Gernika bonbardatu zuen egunean bertan alde egin zuen. Bilbora arte joan zen itsasontzia hartu eta Frantziara itzultzeko. Ihesaldi horretan
Joan Loiola izan zuen bidelagun. Berak lagundu zion paperak konpondu eta sarraskitik ihes egiten.
Markina-Xemein 1937ko argazkia, soldaduak Karmengo elizaren aurrean. Argazkia: Kutxateka
Bilborako bidaia hura
inflexio puntua izan zela esan daiteke bidaiari bientzat. Dolores Garatek itzulerarik gabeko norabidea hartu zuen atzerrira. Joan Loiola berriz, atxilotu eta 1937ko irailaren 9an fusilatu zuten Derioko kartzelan, erantzun politikoak izan eta Errepublikaren aldeko batzordeetan parte hartzeagatik.
Joan den irailaren 9an, Markina-Xemeinen egindako
ekitaldian omendu zuten Loiola, beste batzuekin batera, 1936ko gerra garaian agintaritza zibila eta udal kudeaketa ardurak izateagatik zapalduak, erailak edo fusilatuak izan ziren pertsonak omentzeko egin zen ekitaldian.
Joan Loiolaren senideek ezeze, Dolores Garateren ahizpa, eta garai hartan Joan Loiolaren emaztegai zen
Maria Garateren sendiak ere parte hartu zuen omenaldian. Aitziber Eizagirre Maria Garateren ilobak 80 urte hauetan ahaztuta egon direnen bizipenak argitara atera eta oroitzeko garaia dela azpimarratu zuen orduan. «Sasoia da guzti horien historiak jakiteko, ulertzeko eta gure oroimenean lekua emateko, aurrerantzean, sekula gehiago, horrelakorik gertatu ez dadin».
Joan Loiolaz ez zuen hitz egin sekula Maria Garatek; kalean jakin zuen haren berri bere iloba Aitziber Eizagirrek
Iragana ikertu nahirik. 36ko gerraren ondoren isilpean gordetako gertaera horiek atera nahirik ibili da Eizagirre. Halabeharrez jakin zuen, orain dela hogei urte inguru, bere amonak senargai bat eduki zuela. Horren handia izango zen samina amonak ez ziola etxeko inori ezer kontatu. Kalean entzun eta etxera eraman zuen galdera Eizagirrek, eta amonak baietz erantzun zion, Joan Loiola izan zuela senargai.
Bere amonarentzat garrantzitsua izan zen gizon hartaz zer edo zer jakin nahirik ikertzen hasi zen, eta haren loba Julen Bollarrengana hurbildu zen jakin-minez.
Beso zabalik hartu zuen Loiolaren lobak eta argazki batzuk ere eskuetan jarri zizkion. «Soinean daraman kaikua nik egindakoa da», kontatu zion amonak Loiolaren argazkia ikustean. Ezkon hitz moduan oparitu zion eraztuna ere gorde zuen Maria Garatek, eta 2009an hil zenean oroitzapen guztiak kutxa barruan sartu zizkion ilobak. «Txarto pasatuko zuen arren, sekula ez zuen erakutsi gorrotorik. Hori bai, Erorien bailaran egon zenean Francoren hilobia zapaldu zuela zioen».
Salaketa baten ondorioz atxilotu omen zuten Joan Loiola, eta On Elias abadea kartzelatik ateratzen saiatu omen zen, baina argi zeukan bere patua. Hala erakutsi zion emaztegaiari hil aurreko egunean bisitatu zuenean. «Eskutitzak alperrik dira» esan zion, «nirea erabakita dago» eta agurreko keinua egin zion.