Gernika RTk Alcobendasen kontra jokatuko du etzi Urbietan
Heineken Ligan 7. jardunaldia dute jokoan asteburu honetan, eta Gernika Rugby Taldeak Sanitas Alcobendas Rugbyren kontra jokatuko du etxean. Domekan 12:00etan hasiko da Urbietan bi taldeen arteko norgehiagoka.Hain zuzen, aurreko jardunaldiari zegokion ...
Hain zuzen, aurreko jardunaldiari zegokion partidua ere etxean lehiatu zuten basurdeek. Gernika-Lumoko taldea 27-21 nagusitu zen CR La Villa Alicanteko taldearen kontra.
Ohorezko Mailako sailkapenean zortzigarren dago talde gernikarra, 17 puntugaz. Aurretik puntu bakarrera ditu Ampo Ordizia RE eta UE Santboiana. Gernika RT eta atzetik dituen lau taldeen artean alde nabarmena dago. Izan ere, 8 puntu ditu Complutense Cisneros bederatzigarrenak, 7 puntu dituzte Hernanik eta La Villak, eta Getxo Arteak bi puntu besterik ez ditu bildu momentuz.
Alcobendas domekako aurkaria sailkapenaren goialdean dago; 25 puntugaz, hirugarrena da. Puntu bakarrera dauka SilverStorm El Salvador bigarrena, eta 28 puntu ditu VRAC Quesos Entrepinaresek.
Postiglioniren fitxaketa
Bestalde, basurde berri baten fitxaketaren berri eman du klub gernikarrak. Bruno Postiglioni argentinarragaz akordioa lortu berri dute.
Azken bi denboraldietan Zebre talde italiarrean jokatu du, eta Argentinako selekzioan ere aritutakoa da. Hala, bere esperientzia taldearentzat lagungarria izatea espero duela adierazi du. Fitxaketagatik pozik, taldeagaz ahalik eta emaitza onenak lortzen ahaleginduko dela nabarmendu du.
Eduardo Maidagan entrenatzailearen berbetan, taldeari «kalitatea» emango dio.