Jolasgune estalia «arin» egiteko eskatu du EAJk
2017ko aurrekontuan herritarrekin hartutako konpromisoak betetzea eskatu dio Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) udal gobernuari (EH Bildu). Hala, umeentzako jolasgune estalia egiteko proiektua «ahalik eta arinen» martxan jartzeko eskatu dute.Konpromiso h...
Konpromiso hori, gainera, 2017rako hartuta dagoela gogorarazi du Bermeoko EAJren bozeramaile Aritz Abaroak: «Azaroan gaude, eta oraindik ez da jolasgune estalirik egin».
Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan, umeentzako jolasgune estalia izan zen herritarrek aukeratutako proiektua, «alde handiz, gainera». Proiektua aukeratu ostean, herritarrek aukeratutako proiektu horri erantzun egokiena eman asmoz, udal teknikariak proiektuak lantzen (kokapen egokiak, estalki motak, zabu tipoak…) hasiko zirela esan zuen udalak abuztuan, emaitzaren berri eman zutenean. Teknikariek landutako aukera horiek guztiak, herritarren parte hartzearekin urrian baloratzea aurreikusten zuten. Proiekturik egokiena urte amaierarako martxan jartzea espero zutela esan zuten udaletik abuztuan.
1.000 herritar inguruk
Aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren baitan, 103 proposamen aurkeztu zituzten herritarrek, eta udaleko teknikariek proiektu horietatik bideragarriak zirenak aukeratu zituzten; 46 proiektu ziren eta 19 taldetan sailkatu zituzten. Ondoren, herritarrek 19 proposamenen artean bozkatzeko aukera izan zuten. Bozketan 1.000 herritar inguruk parte hartu zuten.
Jeltzaleek azaldu dutenez, 2017ko aurrekontua egiterako orduan, herritarrengandik jasotako eskariei erantzunez, umeentzako estalitako jolasleku bat egiteko diru partida bat eskatzeko emendakina aurkeztu zuten.
«Diru partida bat erreserbatzea eskatzen genuen, eta herritarren parte hartzeagaz kokalekurik egokiena aukeratzea zen gure helburua. Gobernu taldeak, hala ere, helburu horretarako diru partida jarri eta proiektuak aurkeztu ordez, parte hartze prozesu orokorrean sartzea erabaki zuen», esan dute jeltzaleek.
Horregatik, EAJren ustez, parte hartze prozesuaren «balioa galarazi» baino ez dute egin, «jolasleku estaliaren beharrizana behin baino gehiagotan adierazi baitu herritarren gehiengoak».
Horregatik guztiagatik, jeltzaleen arabera, gobernu taldeak bederatzi hilabete galdu ditu. «Jakina zen aterpe gune bat behar behar-beharrezkoa zela. Hortaz, guk urtarrilean proposatutako agertokian gaude», diote.
Hala, «gehiago atzeratu barik», azpiegitura hori «ahalik eta arinen» eraikitzea eskatu dute, «herritarrekin hartutako konpromisoak betetze aldera».