Udalak OHZren gainordainetik libre geratzen direnen kasuak zehaztu ditu
2018. urtean Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga bere horretan mantentzea onartu du Bermeoko Udalak. Etxebizitza hutsen egoera kasuz kasu aztertu dutela esan dute2018an Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak (OHGZ) igoerarik ez edukitzea onartu du Bermeoko Uda...
2018. urtean Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga bere horretan mantentzea onartu du Bermeoko Udalak. Etxebizitza hutsen egoera kasuz kasu aztertu dutela esan dute
2018an Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak (OHGZ) igoerarik ez edukitzea onartu du Bermeoko Udalak. Era berean, datorren urtera begira, etxebizitza hutsei jarritako %50eko gainordainetik libre geratuko direnak gehiago izango dira, udalbatzak hala onartuta. Neurri horiek EH Bilduren eta Guzanen zinegotzi baten botoekin onartu dituzte. Guzanen bigarren zinegotziak, berriz, abstentzioa eman du, bai eta Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ere. Izartu Bermeok, berriz, aurka bozkatu du.EH Bildu, Guzan eta Izartu Bermeoren aldeko botoekin, etxebizitza hutsek OHGZn %50eko gainordaina edukitzea onartu zuten joan den urtean. Gainordain horren helburua «etxebizitza hutsak merkatuan sartzea» zen, «alokairua sustatuta». Hala, Alde Zaharreko etxebizitza hutsak gazteek alokatu ahal izateko diru laguntza programa bat abiarazi da aurten.
«Aurten lehenengo aldiz ezarri zaie %50eko gainordaina etxebizitza hutsei, eta egoera oso ezberdinak ikusi izan ditugu», esan du ekonomia zinegotzi Irune Ormaetxeak. Horregatik, azterketa sakon bat egin dutela esan du, eta, ondorioz, aipatu gainkargatik libre geratuko direnak gehiago izango dira, «kasuz- kasu aztertu ondoren».
Bestalde, kasu bakar batean, %50eko gainkarga ezarri ordez, %25 ezartzea adostu dute. Hain zuzen, etxebizitzan erroldatuta egon barik ere, titularrak edo familiak erabiltzen duenen kasuan. Hala ere, udalak eskatzen duen ur eta argindar horniduren gutxiengo kontsumoa aurkeztea beharrezkoa izango dute.
Helburua «lausotuta»
EAJk argi utzi zuen iaz alderdiaez dagoela gainordaina ezartzearen alde, eta herrian dagoen alokairuen eskaintza eta eskaria zein den aztertu beharko litzatekeela, neurri horren helburu bakarra herritarren kontura diru gehiago jasotzea zelako.
«Etxebizitza hutsei jarritako gainordainagaz, gutxi gorabehera, 230.000 euro gehiago jaso ditu udalak aurten. Guzanegaz adostutako gazteen emantzipazio programara 70.000 euro bideratuko dira. Beste 130.000 euroak ez dira gazteen emantzipazio programarako, ez eta Izartu Bermeogaz adostutako helburu sozialetarako ere», esan zuen EAJren bozeramaile Aritz Abaroak. «Helburua, hortaz, zati batean baino ez da bete», nabarmendu zuen.
Gainordainaren helburu nagusia alokairuak sustatzea zen. Hala eta guztiz ere, jeltzaleen ustez, udan edota asteburuetan erabiltzen diren etxebizitzen jabeek ez dituzte horiek «inoiz ere ez» alokairuan jarriko. «Izan ere, etxebizitzak ez daude hutsik; erabili egiten dira», zehaztu dute. Horregatik, EAJren ustez, gainordainaren helburua «lausotuta» geratu da.
Guzanen baiezkoa
Guzaneko zinegotziek, «arazo pertsonalak tarteko», ez dute batzordeetan parte hartzeko aukerarik eduki; beraz, ezin izan dituzte nahi modura gainordainetik libre geratzen direnen kasuak aztertu. Euren bozketaren noranzkoa abstentziora zihoala azaldu zuten. Baina, aurten, gazteen emantzipazio programa martxan jarri dela eta funtzionatzen ari dela ikusita (hamar eskaera egon baitira), aurrera egiteko modua badagoela uste dute, eta aldeko boto bat ematea erabaki zuen alderdiak.
Izartu Bermeoren botoa aurkakoa izan zen. Gainordainaren diruagaz zer egingo den jakin gura dutela azaldu zuten, botoaren norabidea arrazoitzean.