V. Errege Bideko krosa egingo dute Berriatuan
Errege Bideko krosa egingo da domekan [azaroak 5], bosgarren urtez. Parte hartzaileen adinaren arabera, bi ibilbide egongo dira: 8 kilometrokoa edo 3 kilometrokoa (14 urtera artekoentzat). Lasterketan parte hartzeko egunean bertan izena eman behar da. Proba Urepel kirol taldeak antolatu du.
Aurreratu dutenez, parte hartzaileek Berriatuan edo Saturraranen izena eman ahalko dute. Izan ere, zortzi kilometroko ibilbidea Saturrarango hondartzako aparkalekuan hasiko da.
Berriatuatik 10:15ean aterako da autobusa Saturraranera. Aurretik, 09:30ean, herrian bertan izena eman ahalko dute nahi dutenek. Osterantzean, lasterketa hasi aurretik irteera gunean izena eman ahalko da.
Zortzi kilometroko ibilbidea egingo duten korrikalariak 11:00etan irtengo dute.
Ordu berean, Arantzibia dorrearen parean, hiru kilometroko ibilbidea egingo dutenak aterako dira. Alegia, 14 urtera arteko parte hartzaileak.
Ibilbide «polita». Oro har, ibilbidea «polita» dela esan dute antolatzaileek. «Aldaketaren bat edo beste eginda, urteroko bera da. Baina ibilbideak tranpa dauka. Izan ere, aldapak ere baditu. Ez da erraz-erraza, ezta ere oso gaitza. Egitea merezi duen horietakoa da».
Sari banaketa 12:00etan hasiko da, Berriatuko plazan. Horretan hiru sari banatuko dituzte: lehenengo emakumea, lehenengo gizonezkoa eta lehenengo berriatuar bikote mistoa.
Antolatzaileek argitu dutenez, aurten iaz baino parte hartzaile gehiago egotea espero dute. «Iaz Bilboko herri krosa egin zen egun berean egin genuen proba. Aurten, ostera, beste lasterketarik ez dagoen egunean antolatu dugu. Beraz, espero dugu iaz baino jende gehiago batzea».
Iazko irabazleak. Joan den urtean, hain zuzen ere, 50 ume eta nagusik parte hartu zuten proban. Lehenengo emakumea Udane Bilbao berriatuarra izan zen, eta gizonezkoetan Ekaitz Kortazar durangarra izan zen lehena helmugaratzen. Bikote mistoen artean lehenengoak Iratxe Ballarin eta Xabi Garate izan ziren.
IAZKO ARGAZKI GALERIA: