Jai giroak hartu du Lekeitio Katu Baltz egunean
[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
11:30ean ekin diote festari bolanderak bota eta pregoia irakurrita. Horrekin batera txikienek aurpegiak margotzeko aukera eduki dute eta mozorrorik ez zeukatenek ere jantziak egiteko aukera eduki dute, Eskolapeko Limoneroetan. Lehen aldiz Lekeitioko Elikagaien Bankuaren bigarren eskuko azoka ere egin dute eta jendea hurbildu da. Eguerdian erakusleiho onenaren sariak banatu dituzte, Lekitto musika Bandak eta Garraitzeko kirolari ipotxek egindako kalejiran. Maria Talako Eskulan Tailerrekoek egindako saria Ikusi Arte dekorazio dendak jaso du. Eguerdia Itxaropenako txistulariek, trikitilariek eta Dunbots Joaldunek girotu dute.[Zuzenean ARGAZKI GALERIA ikusi]
17:00etan Patata Tropikala Antzerki Laborategiak Azken Eguzkilorea lana antzeztu du. Arratsaldean euria egin du eta horrek apur bat zapuztu egin du festa, baina herritarrek zeukaten festarako gogoa gailendu egin zaio zaparradari. Jaiari amaiera Lekittoko Deabruek emango diote, ‘Akelarre Foc’ ikuskizunagaz.