Bai herritarren eta baita Mutrikuko Udalaren
aspaldiko nahia da Eguneko Zentroa egitea,
beharrezkoa dela uste baitute, “zenbait mutrikuar
Debako zentrora joan behar izaten dira eta”.
Bariku arratsaldean [azaroak 3] egin zuten lanen aurkezpena Mikel Deuna egoitzako beheko solairuan, bertako albo batean kokatuko baita
210 metro karratu edukiko dituen Eguneko Zentroa. Eraikuntza berean egon arren bakoitzak bere sarrera edukiko duela azaldu zuen
Aintzane Uriguen egoitzako zuzendariak. Ezkerreko aldetik egongo da Eguneko Zentrorako sarrera, eta eskuma aldetik berriz egoitzarako sarrera. Barruko aldetik
bi guneak lotuta egongo dira eta zuzendaritza bakar baten menpe egongo dira. Zehaztu zutenez lanek
6 hilabeteko iraupena edukiko dute gutxi gorabehera eta
557.000 euroko aurrekontua edukiko dute.
Mikel Deuna egoitzako zuzendari Aintzane Uriguen, Jose Angel Lizardi alkatea eta Mikel Deuna fundazioko lehendakaria eta Juantxo Elordi eta Miren Pazos batzordekidea eta idazkaria.
Alkateak nabarmendu zuenez “urteetan udalean egon diren
alderdi guztien nahia” izan da Mutrikun Eguneko Zentroa egitea. Bere esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen arauen arabera udala bera zen horretarako
lokala jarri behar zuena, “baina udalak dituen jabetzek ez dutenez halako leku bat jartzeko baldintzarik betetzen Mikel Deuna Egoitza fundazioa prest agertu da Eguneko Zentroa bere egoitzan jartzeko”. Mikel Deuna Egoitza fundazioko batzordekide Juantxo Elordi ere pozik azaldu zen: “
duela 15 bat urte hasi ginen Mutrikun Eguneko Zentro baten beharra zegoela esaten, eta lan askoren ondoren behingoz lortu dugu”.
Udala aspaldi hasi zen foru aldundiarekin harremanetan Eguneko Zentroa egin ahal izateko. 2017ko aurrekontuetan sartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Eguneko Zentroa egiteko diru kopurua, eta hortik abiatuta lortu da proiektuari ekitea. Alkateak nabarmendu zuenez
Euskadiko Zerbitzu Sozialen Mapak ere hutsune bat antzeman zuen Mutrikun. Instalakuntza berri honek Mikel Deuna egoitzarekin zenbait zerbitzu elkarbanatuko ditu, kostuak aurrezteko. Bestalde, Eguneko Zentroak 15 egoiliarrentzako plaza edukiko dituela ere aurreratu zuten. Gutxienez hiru lanpostu berri ere sortuko dira.
Mikel Deuna Mutrikuko egoitza. Argazkia: Mikel Deuna
Lanen proiektua idazteaz Soraluzeko Eguneko Zentroa egiteaz arduratu ziren
Edorta Manzanedo eta Emilio Varela arkitektoak arduratu dira.
Aurrekontua. Lanek edukiko duten 557.000 euroko kostuari Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo dio aurre
%50ean. Hori da irabazi asmorik gabeko fundazioek gauzatutako proiektuetan ipintzen duen tasa. Gainontzekoa fundazioak hartuko du bere gain.
Udalak ere bere ekarpena egin nahi duenez,
hitzarmen bat sinatzeko asmoa duela azaldu zuen alkateak, Eguneko Zentroak sortu ditzakeen defizitei aurre eginaz. Bestalde, zerbitzu berri hau eskaintzeak
ibilgailu baten beharra sortuko duela aurreikusi dute, eta hori erosten laguntzeko
Euskadiko Kutxaren gizarte ekintzak
26.000 euro emango ditu.
Lanak egiteko unean ere herriko enpresak kontuan hartu nahi izan zituztela azpimarratu zuten arduradunek: “
herriko enpresei eskatu genizkien aurrekontuak, eta Astigarraga Anaiak enpresa izango da azkenean lanak egiteaz arduratuko dena”. Lanek dirauten bitartean zuzendaritza eta artxiboa hirugarren solairura pasako dira.
Egoiliarrei ere ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuko direla azpimarratu zuen Uriguenek.