1.191 herritar bere eskubidea gauzatuz
Mundakan, Ibarrangelun eta Elantxoben herri galdeketak egin zituzten domekan, Gure Esku Dago herri dinamikak deituta. Guztira, 2.540 herritar zeuden deituta botoa ematera.Eskubidea gauzatu dute. Mundaka, Elantxobe eta Ibarrangeluko 2.540 lagun euskal h...
Mundakan, Ibarrangelun eta Elantxoben herri galdeketak egin zituzten domekan, Gure Esku Dago herri dinamikak deituta. Guztira, 2.540 herritar zeuden deituta botoa ematera.
Eskubidea gauzatu dute. Mundaka, Elantxobe eta Ibarrangeluko 2.540 lagun euskal herritar bezala beren etorkizuna erabakitzera deituta zeuden domekan eta ia erdiak bat egin zuen Gure Esku Dago herri dinamikak egindako deiagaz.Guztira, 1.191 herritar joan ziren herenegun botoa ematera. 1.612 mundakar zeuden botoa ematera deituta, eta 671 herritarrek eman zuten bozka. Horietatik, 614k erantzun zuten estatu independente bateko herritar izan gura dutela, 24k ezezko botoa eman zuten, eta 33 izan ziren boto zuriak.
Elantxoben, botoa ematera deituta zeuden 353 herritarretik 188k eman zuten bozka. Ezezko botorik ez zuten hartu herri horretan: 184 boto erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldekoak izan ziren, 3 baliogabeak eta beste bat zuria. Ibarrangelun, aldiz, botoa emateko errolda 575 herritarrena zen, eta 332k eman zuten bozka domekan. 310 ibarrangelutarrek baiezkoa erantzun zioten erabakitzeko eskubidea gauzatzeari, 9k erantzun zuten ezetz, 6 boto baliogabeak izan ziren eta 7 zuriak.
Parte hartzea
Parte hartzearen datuak, oro har, apirilaren 2ko galdeketek eskualdeko beste herri batzuetan utzitakoak baino handiagoak izan ziren domekan. Eguerdirako, Elantxoben eta Ibarrangelun parte hartzea %50ekoa zen. Egunaren amaieran, Mundakan, erroldaren %42k eman zuen botoa, %53k Elantxoben eta %58k Ibarrangelun.
Azken bi herriotan honako galdera egin zioten domekan herritarrei: Euskal Herriko herritarra izanik, gure etorkizuna ‘erabakitzeko eskubidea’ gauzatzearen alde zagoz? Mundakarrek, berriz, honako galderari erantzun zioten: Gura dozu estatu independente bateko herritarra izan?
Erronka berriak
Bizkaia eta Gipuzkoako 13 herritan deitu zuen Gure Esku Dago-k herri galdeketa azaroaren 5erako. Guztira, 160.800 herritarrek izan zuten bozka emateko aukera: Andoain, Areatza, Atxondo, Beizama, Berango, Erandio, Elantxobe, Galdakao, Getxo, Mundaka, Ibarrangelu, Leioa eta Otxandion.
Gure Esku Dago-ren bozeramaile Zelai Nikolasek galdeketetan parte hartu duten herritarrak eta horien antolakuntzan lan egin dutenak zoriondu zituen domeka gauean egindako agerraldian. Haren esanetan, «ikaragarria» da mugimendua lortzen ari dena: «Emaitzak gorabehera, mesfidantzak uxatzen eta konplizitateak josten ari gara», esan zuen, eta erantsi du erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko desberdinen arteko lana dela bidea. Nikolasek adierazi zuenez, Kataluniako adibideak erakusten duen moduan ekin behar dio Gure Esku Dago-k ere.
Azaroaren 5eko olatua hartu ostean, aurrera begirako erronkak ere zehaztu zituen herri dinamikaren bozeramaileak. Herritarren Ituna lantzea izango da hurrengo pausoa, erabakitzeko eskubidea edukiz betetzeko. Era berean, konplizitateak batzen jarraitu gura du mugimenduak. Horretarako, azaroaren 25ean Bazkideen Ezohiko Batzarra egingo dute, aurrera begirako erronkak zehaztu asmoz.
Busturialdean, Sukarrieta da galdeketarik egin ez duen herri bakarra. Herri horretan, Kanala auzoan bakarrik egin zuten galdeketa apirilaren 2an.