«Ahaztu ezingo duten» urteurrena
400 pertsonatik gora elkartu ziren zapatu gauean, Bermeoko Kafe Antzokian, Halloween Metal Fest jaialdiaren 10. urteurrena ospatzeko. Giro «ezin hobea» egon zela azaldu dute antolatzaileek.Hamar urte ez direla arin betetzen diote Spookypheria Product...
400 pertsonatik gora elkartu ziren zapatu gauean, Bermeoko Kafe Antzokian, Halloween Metal Fest jaialdiaren 10. urteurrena ospatzeko. Giro «ezin hobea» egon zela azaldu dute antolatzaileek.
Hamar urte ez direla arin betetzen diote Spookypheria Productions kultur elkarteko kideek. Zapatuan Halloween Metal Fest jaialdiaren 10. urteurrena ospatzeko antolatutako jaia, berriz, «arin-arin» joan zela azaldu dute.«Ahaztu ezingo duten» jaialdia izan zela diote antolatzaileek, «arrakastatsua» izan zela nabarmenduta. 400 pertsonatik gora batu zituzten Bermeoko Kafe Antzokian, eta giro «ezin hobea» egon zela esan dute.
Jaialdian lau musika taldek parte hartu zuten. Bertaratutakoek Bermeoko Ost taldearen musikagaz gozatu zuten. Ondoren, Killus taldekoek publikoa aho zabalik utzi zuten Ultrazombies biraren baitako azken kontzertuagaz. Crisix taldekoek, berriz, Europa mailan egiten ari diren birako abesti arrakastatsuak eskaini zituzten. Azkenik, Vita Imana taldeak EL M4L bere azken diskoa aurkeztu zuen, lehenengo aldiz, Bizkaian. Madrildarrek energiaz betetako zuzenekoa eskaini zuten.
«Askok esan digute Bizkaian egon den jaialdirik onenetarikoa izan dela gurea, jendea oso pozik geratu da, eta gu oraindik pozago», diote antolatzaileek.
Orain «atseden labur bat» hartuko dute. Hala ere, laster berriro martxan jarriko dira Spookypheriakoak; otsailaren 17rako 80s party antolatuko dute, eta uztailerako, berriz, Gorefest jaialdia. XI. Halloween Metal Fest jaialdia datorren urteko azaroan egingo dute; data zehatza ez dute oraindik zehaztu.