Sagarrondoek gainez egin dute
Eugenio Jaio aulestiarrak sagardoa egiteko sagarrak ekoizten ditu. Bere iritziz, azken hogei urteetan ezagutu duen urterik emankorrena izan da aurtengoa; 35.000 kilo sagar batu ditu.Azken hogei urteetan sagarrondoek garau gehien eman duten urtea izan d...
Eugenio Jaio aulestiarrak sagardoa egiteko sagarrak ekoizten ditu. Bere iritziz, azken hogei urteetan ezagutu duen urterik emankorrena izan da aurtengoa; 35.000 kilo sagar batu ditu.
Azken hogei urteetan sagarrondoek garau gehien eman duten urtea izan da aurtengoa Lea Ibarran. Udazkenaren hasieran bilketa egiterakoan, 2017. urtea gogoratzekoa izango dela konturatu ziren baserritarrak. Eugenio Jaio aulestiarrak esan duenez, udako eguraldia «komeni izan den moduan» suertatu da. Halaber, uda osoan lurra umela egon da, eta, gainera, sagar urtea izanda, behar ziren baldintza guztiak eman dira sagar kopuru handiak zenbatzeko. Sagarrondoak bi urtetik behin ematen ditu fruituak, eta aurtengoa sagar urtea izango zela jakina zen adituen artean.Jaio hogei urtez ibili da sagardoa egiteko sagarrak batzen, eta ezagutu duen urterik emankorrena izan da aurtengoa. Aulestiarrak Iturritze baserrian dauka sagastia, eta, aurten, lankideagaz batera 35.000 kilo sagar batu ditu hektarea batean. Ohikoena hektarea bakoitzeko 20.000 kilo batzea omen da, baina aurtengoa ez dela «normala» izan adierazi du baserritarrak. Hala eta guztiz ere, gertatutakoa ez dela guztiz ona azaldu du Jaiok, urte emankor baten ostean sagarrik ez delako egoten; «niri gustatuko litzaidake urtero 15.000 kilo sagar batzea, baina ez dago gure esku».
Arbolak inausi eta gero, fruituak handiagoak izaten dira. Baina sagardoa egiteko ez da garrantzitsua sagarraren neurria. Beraz, Jaiok eta bere lankideek ez dituzte zuhaitzak inausten.
Dena den, aurtengo sagarrak tamaina ederra izan dutela azpimarratu du aulestiarrak. Iturritze baserrian hainbat sagar mota ekoizten dituzte, baina Jaioren ustez, sagardoa egiteko eta jateko onena Bost Kantoia izenekoa da. Urtebetea sagar mota eta Asturiasetik ekarritako beste mota batzuk ere ekoizten dituzte, sagardo naturala egiteko hainbat sagar mota erabiltzen baitira: gozoak, gaziak eta gezak.
Jaioren sagastian irailean hasten dira sagarrak batzen. Baserrian bertan bi edukiontzi handi jartzen dituzte, eta bete arte bertan edukitzen dituzte. Traktorea ere erabiltzen dute sagarrondoetara hurbiltzeko, eta langileek sagar kutxekin distantzia handiak egin behar ez izateko. Azkenik, kamioiez garraiatzen dituzte lantegira; sagardoa egiteko edo beste produktu batzuk egiteko erabiltzen dituzte bertan sagarrak. Hala eta guztiz ere, aurtengo uzta handia izan denez, etxean sagardoa egiteko aukera ikusi dute Jaiorenean.