Berriatuko Udalak Ekintza Planean lehentasunak jartzeko bilera zabala egingo du
Berritxu danok einaz! egitasmoa jarri zuten abian iaz. Eta Berriatuko Udalak hasiera-hasieratik herritarrek horretan parte hartzea nahi izan du. Hala, “parte hartzea herritar orok daukan eskubidea dela iritzita”, udalak bitarteko desberdinak ipini zituen herritarrek prozesuan aktiboki parte hartzeko. “Komunitatean sinesten dugu, eta hori lortzeko herritarren sareak finkatzea ezinbestekoa dugu”.
Prozesua martxan jarrita, iazko urrian herritar guztiei begirako saio bat egin zen; 69 herritarrek eta elkarte desberdinek parte hartu zuten. Saio horretan herriko zerbitzuetan zer hobetu, aldatu edo kenduko luketen erabakitzeko aukera eduki zuten parte hartzaileek. “100 ekarpenetik gora proposatu ziren”.
Ekarpen horiek guztiak jaso eta ekintza plan bat gauzatu zuen; udal ordezkariek plan hori otsailaren 9an aurkeztu zieten herritarrei.
Orain, ekintzei lehentasunak jartzeko saioa egingo dute. Saio hori zapatuan egingo da [azaroak 11], 16:30ean, kultur etxean. “Mintegi bat izango da. Eta horretan, ekintza plana osatzen duten ekintzen egoera azalduko da, aurrera begirako lehentasunak zehaztu eta helburu edo ekintza berriak proposatzeko aukera ere egongo da”. Beraz, udalak herritar guztiei zapatuko saioan parte hartzeko deia egin die.
“Berriatuarrok modu kontzientean eta era aktiboan herriaren etorkizunaz erabakitzen jarraitzea nahi du udalak. Eta horretarako, bitarteko desberdinak jartzen jarraituko dugu”.