Ispiluari begira jarriko dira Gurasolagunak datorren astean
Ispiluari begira tailerra dakar Bermeoko Gurasolagunek. Gurasoak eta seme-alabak elkarrekin ariko dira, hain zuzen ere, Uemak dinamizatuko duen ispiluari begira tailerrean.Azaroaren 18rako antolatu dute tailerra. Gizarte eta Kultura Etxeko ludotekan et...
Azaroaren 18rako antolatu dute tailerra. Gizarte eta Kultura Etxeko ludotekan eta gaztelekuan batuko dira, 11:00etatik 13:00etara. Hala ere, tailerrean parte hartu gura duten horiek bihar dute izena emateko azken eguna. 607 60 95 80 (Marimar) telefono zenbakira deituta edota bermeoberba@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman daiteke izena. Doan parte hartu daitekeela gogorarazi dute.
Azaldu dutenez, tailerra aproposa da adin guztietako gurasoentzat. Seme-alabek, berriz, sei eta hamaika urte bitartean edukitzea gomendagarria litzateke.
Hizkuntza ohituren bila
Haurren eta helduen hizkuntza ohiturei begiratzeko eta zenbait ohitura iraultzeko aukera polita dela azaldu dute. «Gure inguru hurbila ikusiko dugu ispiluan, eguneroko harremanetako hizkuntzari buruz hausnartuz», esan dute antolatzaileek. Saioaren begirada, haurren begirada izango da, eta lan eremua euren inguru hurbila: etxea, ikastetxea eta kalea. Gaia, berriz, eguneroko harremanetan sortzen den komunikazio hizkuntza.
Horregatik, saioaren hasieran bi talde egingo dituzte, eta umeak eta gurasoak banatuta egingo dute lan. Ondoren, elkartu egingo dira talde bietako emaitza ezagutzeko, «ispilua garen ikusteko».
Tailerrak aurrera egiteko, gutxienez, zortzi gurasok eman beharko dute izena.
Udazkeneko lehiaketa
Berbalagun egitasmoak, bestalde, udazkeneko albistegia kaleratu du, ikasturteko lehenengoa, hain zuzen. Horretan aurki daitezke udazkeneko lehiaketan parte hartzeko erantzun beharreko galderak ere.
Erantzunak hainbat bide erabiliz bidali daitezke: Berbalaguneko blogaren eta facebookaren bidez, Euskera Sailaren webgunearen bidez edota Euskal Gunean, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian edo Hizkuntza Eskolan utzita. Lehiaketan parte hartzeko azken eguna azaroaren 30a izango da. Saria Errigoraren saskia izango da, eta irabazleak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, jasoko du saria.
Berbalagunen albistegiak, bestalde, azaro eta abenduko ekimenei buruzko informazioa dakar, era grafiko eta ikusgarri batean. Hurrengo hilabeteetan egingo dituzten ekimenen ezaugarrien eta daten berri ere ematen dute. Gainera, egindakoen argazkiak ikusteko aukera ere eskaintzen dute.