Bizkaia Kopa Trailaren azkenaurreko proba hartuko du Lekeitiok
Trail luze eta laburra, mendi bizikleta lasterketa, txakur krosa eta mendi martxak egongo dira aukeran. 500 pertsona inguruk izena eman dutela aurreratu dute antolatzaileekTrail luze eta laburra, mendi bizikleta lasterketa (MTB), txakur-krosa eta mendi...
Trail luze eta laburra, mendi bizikleta lasterketa, txakur krosa eta mendi martxak egongo dira aukeran. 500 pertsona inguruk izena eman dutela aurreratu dute antolatzaileek
Trail luze eta laburra, mendi bizikleta lasterketa (MTB), txakur-krosa eta mendi martxa luzea zein laburra egingo dituzte etzi, Lekeition jokatuko den Bizkaia Kopa Trailaren azken aurreko proban.Atzo eguerdian itxi zuten izen ematea, eta proba guztiak kontuan hartuta, 500 pertsona inguruk izena eman dute. Alabaina, parte hartzaile gehiago espero dituzte. Izan ere, gura duenak proba guztietarako bonoa eskuratzen du, eta horiek 100 bat direla zehaztu dute Bizkaia Kopa Trailaren arduradunek. Antolatzaileen berbetan, partaidetza altuena trail laburrean egoten da.
Ordutegiari dagokionez, mendi martxetako parte hartzaileak izango dira goiztiarrenak. Horiek 09:00etan dute irteera ordua (martxa luze zein laburrekoek). Ordu erdi beranduago aterako dira txakurrekin lasterketa egingo dutenak. Jarraian, 09:45ean abiatuko dira trail luzeko korrikalariak, eta laburrekoak, ostera, 10:00etan irtengo dira. Azkenik, 10:30ean hasiko da txirrindularien proba.
MTB probaren ibilbidea da luzeena. Txirrindulariek 21,46 kilometro egingo dituzte mendiko bizikletekin. Halaber, mendi martxa eta trail luzea 18,05 kilometrokoak izango dira, eta txakur krosa zein mendi martxa eta trail laburrak 9,71 kilometro izango dituzte.
Mendi bizikleta eta trail lasterketetako zein martxa luzeko ibilbideetan lau anoa postu jarriko dituzte, eta ibilbide laburrean, berriz, bi anoa postu edukiko di- tuzte eskura.
Bigarren urtez jarraian lehiatuko dute Bizkaia Kopa Trailaren proba Lekeition. Orain dela hiru urte egin zuten lehenengoz Bizkaia Kopa Traila, eta sorreratik Stop SanFilippo Fundazioari laguntzen diote.
Hain zuzen ere, probetan izena ematen dutenei inskripzioa egiterakoan euro bat gutxiago ordaintzeko aukera ematen diete, eta trukean telefono mugikor bat eman behar izaten dute. Hala, Bizkaia Kopa Traileko proba guztiak egin ostean, telefono mugikor denak fundazioari ematen dizkiote, hark dirua lortzeko.
Zortzi proba
Bizkaia Kopa Traila zortzi proba puntuagarrik osatzen dute. Azken proba Diman lehiatuko dute abenduaren 17an.
Bizkaia Kopa Traila irabazteko edo sailkapen orokorrean sailkatzeko, partaideek gutxienez zortzi probetatik sei burutu behar dituzte.
Hala ere, txakur krosaren kasuan, sei proba lehiatzen dituzte, eta horietatik lau egitea beharrezkoa dute sailkatzeko. Aurten, baina, tenperatura altuen eraginez, bi proba bertan behera utzi behar izan dituzte. Horregatik, abenduaren 3an Etxebarrin egingo duten Etxebarri X-Treme probaren barruko txakur krosa Bizkaia Kopa Trailerako proba puntuagarria izatea erabaki dute antolatzaileek.