Eskorbutok irekiko du Uhagoneko asteburua
Pintxo zinemak punk talde mitikoari buruzko dokumentala dakar gaur. La Pulgaren 'Ufadak' flamenko ikuskizuna eta umeentzako 'Light Pinting' tailerra ere egongo diraEskorbuto Santurtziko punk talde mitikoari buruzko dokumentalak zabalduko du gaur Uhagon...
Pintxo zinemak punk talde mitikoari buruzko dokumentala dakar gaur. La Pulgaren ‘Ufadak’ flamenko ikuskizuna eta umeentzako ‘Light Pinting’ tailerra ere egongo dira
Eskorbuto Santurtziko punk talde mitikoari buruzko dokumentalak zabalduko du gaur Uhagon kulturguneko asteburuko eskaintza.Pintxo zinema 20:30ean hasiko da, eta bertaratzen direnek Kikol Grauk zuzendutako Eskorbuto, la mas macabra de las vidas lana izango dute ikusgai. Erritmo bizian grabatuta, 80ko hamarkada, elkarrizketak, egoera politikoa, musika eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko hondamenaren collage bat biltzen ditu gazteleraz egindako dokumentalak.
Orain arteko pintxo zinemetan jendeak ondo erantzun duela diote Uhagoneko arduradunek. «Dokumental musikatuak dinamikoagok izaten dira, eta jendeak gustukoak ditu».
Punketik flamenkorako jauzia eginda, La Pulga eta Lagunak izeneko kuadro flamenkoa ailegatuko da bihar arratsaldea girotzera. Flamenko tradizionalaren erroetatik abiatuta, magia eta zentzumenen giroa ekarriko ditu Uhagoneko agertokira Ufadak azken lanak. Indarra, sentitzeko grina, poza, teknika zaindua…, hori eta askoz gehiago ekarriko ditu oholtzara.
Ufadak 80 minutu inguruko ikuskizuna da, eta horietan dantza, kantua, gitarra, perkusioa eta palmak biltzen dituzten kantuen bitartez, flamenkoaren hainbat alderdi eskaintzen ditu: seguidilla, alegria, solea, tangoa, buleria…
Askoa Etxebarrieta Lasheras La Pulga dantzaria, Angel Lopez de Toro kantaorea, Aitor Escobar gitarra jotzailea eta zehazteke dagoen perkusio jotzaile bat egongo dira agertokian.
Sormena lantzen
Eta asteburua borobiltzeko, Sormen Lantegiaren ekimenez, 7 urtetik gorako umeei zuzendutako Light Painting tailerra hartuko du Uhagoneko erakusketa gelak domekan. 16:30ean hasi eta 18:00etara arte luzatuko da.
Azken hiruhilabeteko artista gonbidatu Rafa Rodrigok emango du tailerra, eta ez da aurretiaz izenik eman beharko.
Argiagaz marraztearen teknika geroz eta gehiago ikusten da ikus-entzunezkoetan. Ez argazkigintzan bakarrik, baita bideogintzan ere. Teknika erraz eta dibertigarria da. Sormen Lantegikoek gonbidapena luzatu dute: «Azaroaren 12an itxaroten zaituztegu».