Lehen momentutik giro ona nabari da Izarbidean elkartearen Topagunera sartzerakoan. Mahaiaren inguruan konplizitatean, kontu kontari ari dira gazteak. Ekarpenak egiteko prest, irribarretsu daude batzuk, beste batzuk, ordea, euren kontura beste zeregin batean ari dira, etxean bezala.
Izarbidean elkartekoak eta boluntarioak.
Astelehenetik domekara, Izarbidean elkarteko erabiltzaileen bilgunea da jubilatuen egoitzaren gaineko
Topagunea. Izarbidean elkarteko kideek ekimenez betetako agenda daukate egia esan, aste osoan, eta, batez ere, asteko egun batzuetan eta domeketan batzen dira euren txokoan, tailerren bat, sukaldaritza saioa edo gustuko duten beste ekimenen bat egiteko.
Umetatik daude batzuk bertan, beste batzuk nagusiagotik, baina Topagunea martxan dagoen hamar urte hauetan, ezinbesteko hitzordua bihurtu da guztientzat. Postreren bat prestatzen, eskulanak egiten edo ekitaldi bereziren bat prestatzen izaten dute zereginik.
31 boluntario ditu ikasturte honetan Izarbidean elkarteak, hamahiru berriak
Erabiltzaileak dira protagonistak, baina horien atzean
figura garrantzitsu bat badago: boluntarioena. Erabiltzaileen aisialdi guztia aurrera eramateko boluntarioen laguntza dauka Izarbideanek. Nahitaezkoa dute laguntza estimatu hori. Topagunea sortu zenetik
oinarrizko proiektua izan da; izan ere, erabiltzaileek gizarteratzeko duten lehen kontaktua dira. Jende ezberdina egotea garrantzitsua da, gainera, «egunerokotasunean lortzen da-eta barneratze hori».
Urriko azokan parte hartzen du urtero elkarteak.
Aurten
31 boluntario ditu elkarteak,
29 neska eta bi mutil, baina aitatu dutenez, urte hauetan gorabehera asko egon dira. Izan ere, bost boluntariogaz hasi zen Topagunea martxan, eta gehiago egotea hobe dela nabarmendu dute euren aisialdia Izarbideaneko
hemeretzi neska-mutilekin partekatzen duten boluntarioek.
Ikasturte honetan
hamahiru boluntario hasiberri daude. Iaz Lea Artibai ikastetxera joan ziren Izarbideaneko boluntarioak, eta proiektuaren berri eman zuten bertan. Hala, boluntario berriak animatu dira programara, ilusioz beteta, eta harrera ona izan dutela azpimarratu dute. «Lehen pausoa ematea da zailena, gero dena da errazago».
Erabiltzaileei aisialdian laguntzea dute helburu, ideia, gogo eta umoreagaz
Guztien artean taldea osatu dute, eta
aisialdi denbora bete eta ondo pasatzea dute helburu. «Parte hartzeko eta ondo pasatzeko gogoa, ideiak eta umorea besterik ez dira behar», diote boluntarioek.
Hileroko egutegia egin eta banatzen dituzte txandak. Ekarpen guztiak dira ongietorriak, astirik balego, behintzat. Egun pasak egitera, tirolinara, arraun egitera, bolatokira eta suhiltzaileengana ere joaten dira-eta guztiak batera. Erabiltzaileek urteko bost asteburu ere egiten dituzte kanpoan, eta Sukarrietara ere joaten dira BBKren laguntzagaz.
Orientazio Ibilaldia antolatu dute Artibai Mendigoizale Taldekoekin.
Ekinoterapia eta irteerak dira ekimen izarrak. Lehengora zapatuetan joaten dira. Zaldiekin kontaktua edukitzea da muina, eta era guztietako lanak egin behar dituzte horretarako. Asteburu pasak eta jaietara irteerak ere harrera ona daukate. Hala diote, behintzat, barre artean pasadizoak kontatzen dituzten bitartean.
Hitzaldiak eta lehen sorospen ikastaroren bat ere izan dituzte boluntarioek, zenbait gaixotasun hobeto ezagutu eta egoki laguntzeko. Hala ere, eurak direla diote irakaslerik onenak.