Markina-Xemeingo Udalak Zelaibarri proiektuari ekingo dio urtarrilean
Proiektua prest dauka udalak, eta obraren lizitazio espedienteari hasiera eman dio. Fase bitan egingo dituzte beharrak. 2019 urte hasierarako lanak amaituta egotea nahi du udalakZelai berria izango dute laster Markina-Xemeindarrek. Zelaibarri proiektua...
Proiektua prest dauka udalak, eta obraren lizitazio espedienteari hasiera eman dio. Fase bitan egingo dituzte beharrak. 2019 urte hasierarako lanak amaituta egotea nahi du udalak
Zelai berria izango dute laster Markina-Xemeindarrek. Zelaibarri proiektua prest dauka udalak, eta obrako lizitazio espedienteari hasiera eman diote. Joan den astean egindako osoko bilkuran eman zioten onespena.Udaletxe osteko inguru osoa itxuraldatuko du egitasmoak. Berdegune handi bat izango du erdian, eta haren inguruan joango dira aparkalekuak, trabesetara. Orain daudenak baino bost gehiago egongo direla jakitera eman du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak, eta ibilgailuak ez ezik, proiektuak oinezkoak ere kontuan hartzen dituela azaldu du. Hala, espaloiak eta zebrabideak jarriko dituzte, batetik bestera errazago ibiltzeko.
Zelai berria, gainera, aisialdirako gune bat ere izango da, jarleku, zuhaitz, jolasleku eta paseatzeko bideagaz. «Arbola handiak mantendu egingo ditugu, eta arbola berriak ere sartuko ditugu».
Berdegunearen inguruko errepideak norabide bakarra izango du, orain dagoena mantenduko dutelarik. «Baina premia dagoenean aldatu daiteke». Beste alde batetik, Zelaiaren goiko parteko errepidean bezala, behegaina tolesdurak dituen asfaltoagaz estaliko dute, «ibilgailuak astiro joateko».
Ibaibarrenetaren zatia
Proiektua gauzatu ahal izateko, Ibaibarreneta auzoari zati bat kendu behar diotela ere jakitera eman du alkateak. «Horren ordez etxebizitzen ondoan daukaten aparkalekua konponduko dugu, arbolak kendu eta aparkatzeko guneak hobetuz».
Bestalde, aparkalekuan egin ohi diren ekimenei dagokienez, aparkalekuek eta erdiko bideak guztira 16 metroko zabalera izango dutela zehaztu du Txurrukak. Eta beraz, tarte horretan nahikoa leku egongo dela esan du azokako animaliak edo Karmen jaietako barrakak jartzeko.
Obra guztia lizitazio bakarrean aterako dute. Hala eta guztiz ere, lanak fase bitan egingo dira. Ibaibarreneta auzoaren alderdirantz dagoen zatia izango da lehenengoa, eta obrak urtarrilean hasiz gero, ekainaren amaierarako amaituta egotea dute helburu, «karmenetarako dena libre egoteko».
Eten handiegirik barik hasiko litzateke bigarren zatia. «Abuztuan hastea da gure asmoa, eta bost hilabeteko epea behar duenez, abendurako edo 2019ko hasierarako amaituta egotea nahiko genuke».
Zelaibarri proiektuaren aurrekontua 1.500.000 euro ingurukoa da, eta neurri handi batean, Aldapeko eta Zelaibarri inguruan egin diren etxeetako sustatzaileek ordainduko dutela argitu du alkateak.
«Inguru horretako urbanizazioaren barruan sartzen da». Hala ere, udalak hobekuntza batzuk egin nahi ditu, eta, beraz, berak ere jarriko du kopuru bat.
Zelaibarri proiektua herritarrei ezagutzera emateko asmoa erakutsi du udalak. Herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko batzarra deituko dute, eta proiekzio bat ere prestatzen ari dira egitasmoa zelan geratuko den ikusi ahal izateko.