Nagusien Eguna ospatuko dute bihar udal zaharren egoitzan
Urtero egin legez, Sancti Spiritus udal zaharren egoitza Nagusien Eguna ospatzera doa; bihar izango dute jai eguna.Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidente Benito Ibarrolazak azaldu duenez, urtero egiten duten jai horren bitartez, egoiliarrak prota...
Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidente Benito Ibarrolazak azaldu duenez, urtero egiten duten jai horren bitartez, egoiliarrak protagonista sentiarazi gura dituzte.
11:00etan emango diote hasiera jai egunari. mezarekin. Horretan, nagusiak izango dira irakurketak eta eskaintzak egingo dituztenak. Horrez gain, bi egoiliar omenduko dituzte: Gonzalo Beaskoetxea eta Felix Telletxea. Udal zaharren egoitzan denbora gehien daramatzaten egoiliarrak dira. Meza ostean, bestalde, Sabino Anasagasti abeslaria omenduko dute, ia 50 urte daramatzalako egoitzan egiten dituzten mezetan abesten eta organoa jotzen.
Herriko taldeen emanaldiak
11:30ean, Alkartasuna Dantza Taldekoek prestatutako dantzekin disfrutatu ahal izango dute, eta, eta, 12:00etan, Bermeoko abesbatzak emanaldia eskainiko du.12:30ean, zaharren egoitzako koroak herriko abestiak abestuko ditu. Gainera, Konpartsa Izarra Erraldoi Txiki Bermeo (KIETB) taldeko erraldoi txikien bisita izango dute egoiliarrek.
Ondoren, egoiliarrek senideekin bazkaltzeko aukera izango dute zaharren egoitzan bertan. Senide barik dauden egoiliarrek, berriz, boluntarioen laguntza izango dutela zehaztu dute, urtero egiten duten moduan.
Jai eguna, hala ere, ez da bazkariarekin amaituko. Bazkal ostean, saloi dantzen ikuskizuna izango dute eta Erroxapeko martxa-ren emanaldiagaz ondo pasatzeko aukera edukiko dute.
«Egoiliarrek zein senideek egun polita pasatzea espero dugu», esan du Ibarrolazak.