Menpeko pertsonen familia zaintzaileei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu Lea- Artibai Amankomunazgoak
Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan. Ikastaroak
azaroa, abendua eta urtarrilean emango dira, eta parte hartzeko interesa dutenek aurretiaz eman behar dute izena.
Ikastaroen helburua pertsona menpekoak
mugitzeko teknikak ezagutzea,
estresa kudeatzeko teknikak lantzea eta
lesioak ekiditeko lan egiteko moduak ezagutzea dela jakitera eman du Amankomunazgoak. “Besteak beste, menpeko pertsona bat mugitzeko (adibidez, ohetik aulkira edo alderantziz) teknika egokiak edota horrelako egoera batek kudeatzen duen karga arintzeko erlaxazio teknika ezberdinak landuko dira”.
Adineko bat, gurpildun aulkian jarrita.
Rakel Elu Amankomunazgoko lehendakariarentzat garrantzitsua da era horretako ikastaroak antolatzea, egun
gero eta gehiago direlako etxean menpeko pertsonak zaindu behar dituztenak, eta lan hauek egoki egiten ikasteak norbere burua gehiago zaintzea suposatzen duelako. “Sarritan ez dira kudeatzeko egoera errazak izaten, eta ikastaro honetan norbere burua zainduaz besteak zaintzeko bide ezberdinak landu nahi ditugu, guztion ongizatea bermatzeko” azaldu du Eluk.
Amankomunazgoko lehendakariak gogora ekarri du bai eta ere, etxekoen zaintza lanak burutzen dituztenak gehienetan arlo horretan formaziorik ez duen pertsonak izaten direla, ordainetan konpentsazio ekonomikorik ez dutela eta lan horrek ordutegi barik egiten dituztela. “Eta horrek guztiak zaintzailearen bizimodua
baldintzatu ez dezan antolatzen ditugu ikastaro hauek”.
Ordutegia. Ikastaroak astean bi orduko iraupena izango dute, eta edukia modu praktikoan landuko da, “bakoitzak bere lanketa propioa eginez edukiak hobeto barneratzen dituelako”. Herri bakoitzean ordutegi eta egun ezberdinak ezarri ditu Amankomunazgoak modu horretan ordutegi arazoak dituztenei aukera zabala eskaintzeko:
- Lekeition azaroaren 16an, 23an, 30ean, abenduaren 14an eta 21ean eta urtarrilaren 11an emango dituzte klaseak, 17:15etatik 19:15etara Jubilatuen elkartean.
- Markina-Xemeinen ostera, azaroaren 13an, 20an, 27an, abenduaren 11an eta 18an eta urtarrilaren 8an, 16:00etatik 18:00etara Patrokuan (Amankomunazgoan).
- Ondarroan, azaroaren 21ean, 28an, abenduaren 12an eta 19an eta urtarrilaren 9an eta 16an elkartuko dira ikastaroan parte hartu nahi dutenak 10:00etatik 12:00etara Kofradia Zaharrean.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Lea Artibai Amankomunazgoko herritar guztiek dute ikastaroetan parte hartzeko aukera, hala nola, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa eta Ziortza-Bolibarreko bizilagunek.
Izen ematea. Ikastaroan parte hartzeko aurretik izena eman beharko da 94-616 90 78 telefono zenbakira deituta edo ongizate@lea-artibai.org helbidera idatzita. “Izena ematerakoan ikastaroa egin nahi den herria zehaztu beharko da eta baita be zaintzen den menpeko pertsona”. Ikastaroa doakoa izango da.