Zapatuan egin zuten mintegia. Eta horretan 21 herritarrek parte hartu zutela esan eta dena ondo joan zela argitu du Jon Arriola Berriatuko alkateak.
Aurretik egin izan dituzten parte hartze saioetan modura, zapatuko mintegia ere
Berritxu danok einaz! lelopean egin zen. «Oraingoan 21 herritarrek parte hartu badute ere, aurreko saioan 65 herritar egon ziren. Batzuk aurretiaz esan ziguten ezin izango zutela etorri. Beraz,
etorri ezin izan zuten horiei ere euren iritzia emateko aukera emango diegu», azaldu du Arriolak. Horiei, hain justu, posta elektronikoz bidaliko dizkiete zapatuan egindako ariketak; ekarpenak egiteko bi asteko epea emango die udalak.
Iaz etorkizuneko Berriatuak nolakoa izan behar duen erabakitzeko eta horretarako egin behar diren ekintzak proposatzeko bilera egin eta gero, zapatuko saioa Ekintza Plana osatzen duten proiektuak antolatzeko ekintza izan zen. «Lehenik eta behin urtebeteko balantzea egin genuen. Horretan, martxan dauden ekintzak aipatu eta horien balorazioa egin genuen. Eta oraindik abian ez dauden baina Ekintza Planean jasota dauden ekintzak ere aipatu genituen».
Zapatuko ariketak. Azken ekintza horiek blokeka antolatu eta lehentasuna dutenak zeintzuk diren adierazi zuten herritarrek. Ariketa hori taldeka egin eta gero, ideia guztiak amankomunean jarri zituztela esan dute.
Horrez gain, mintegian parte hartu zutenek proposamen berriak ere egin zituztela azaldu du Arriolak. «Eta etorri ez zirenei ere euren iritzia emateko aukera eman eta gero, lehentasunen arabera zehaztutako Ekintza Plana
udalaren webgunean ipiniko dugu. Horretan, gainera, azken saioan herritarrek egin zituzten ekarpen berriak ere jasota egongo dira».
Oro har, herritarrek euren iritzia emateko udalak ipinitako bitartekoak eskertu dituzte.
Herritarren nahiak errespetatuz, oraindik martxan ez dauden ekintzak datorren urtean abiaraziko dituztela aurreratu dute udal ordezkariek.