Alanisko tren istripuari buruzko filma aurkeztuko dute Uhagon kulturgunean
Frankismoaren preso errepublikazaleak kontzentrazio eremu batera zeramatzan trenak istripua eduki zuen Alanis herrian, 1937an. Irineo Olabe Iruzubietako bizilaguna zihoan bertan1937an frankismoaren preso errepublikazaleak kontzentrazio eremu batera zer...
Frankismoaren preso errepublikazaleak kontzentrazio eremu batera zeramatzan trenak istripua eduki zuen Alanis herrian, 1937an. Irineo Olabe Iruzubietako bizilaguna zihoan bertan
1937an frankismoaren preso errepublikazaleak kontzentrazio eremu batera zeramatzan trenak istripua izan zuen Sevilla probintziako Alanis herrian (Espainia). Gertaerak hildako ugari eragin zituen, baina agintari frankistek ezkutatu eta isildu egin zuten dena. Gertaera horren 80. urtemuga beteko denean, Sabin Egiliorren El Largo Viaje film dokumentala aurkeztuko du Ahaztuen Oroimena elkarteak. Domekan 18:00etan jarri dute ordua, Uhagon kulturgunean.Dokumentalean azaltzen den modura, 1937ko azaroaren erdialdean Bilboko kartzeletan espetxeratuta zeuden automobilgintzagaz zerikusia zeukaten hainbat preso aukeratu eta merkataritza tren batean sartu zituzten. «Gerraren eraginez kaltetutako ibilgailuak konpontzeko, frankistek Sevillan antolatu zuten tailerretan derrigorrezko lanak egitera bideratzeko eginarazi nahi zieten bidaia luze hura», azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek. 75 izan ziren frankistek preso hartu eta tren hartan Sevillara bidali zituzten mekanikari, elektrikari, txapista eta gidari euskaldunak.
Baina ez ziren ailegatu. «Une horretan, herri hartako tren geltokiko hegaleko trenbidean, tresna militarrez beteta, konboi bat zegoen geldirik. Presoak zeramatzan trenak horren aurka egin zuen bete-betean; istripuak sekulako anabasa sortu zuen».
57 hildako
Gutxienez 57 preso hil zirela unean bertan eta hamazortzi preso bizirik atera zirela zehaztu dute, guztiak zaurituta. Gainera zaurituetako batzuk ere ospitalean hil ziren. «Agintari frankistek ezkutatu eta isildu egin zuten gertaera. Istripua ez zen erregistratu, eta ezin izan da aurkitu orain arte bere egunean egindako ikerketen dokumentaziorik».
Markina-Xemeingo bizilagun bat ere tren horretan eraman zutela jakin dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. «Istripu honetan zauritutako horietako bat Iruzubietako Katenero etxeko Irineo Olabe Alkaiturri izan zen. Okina izateaz gain, Irineo auto gidaria zen».
Gerra garaian ere gidari aritu omen zen Olabe. «Hain zuzen, gudarien arduradunak, ofizialak garraiatzea zen bere zeregina, eta arrazoi hau izan zen Irineo Olabe zigortzeko zergatia. Istripu horrek bizitza osoan eragingo zion. Ezkerreko hanka elbarri, herren geratu zen harrez gero».
Dokumentala ikusteko aukera izateagaz gainera, Sabin Egileor zuzendaria eta ikerketen ardura izan duen Jimi Jimenez Aranzadiko historialaria ere bertan egongo direla nabarmendu dute. «Memoriaren (tren)bidean galdu ezin dugun beste geltoki bat da dokumental hau, gure historia ezagutzearen helmugara iristeko aukera eder bat».